Oñatiko udala

Ostiralean aktibatuko dira Txaketuako bidegurutzeko piboteak

2021/06/30
Card image cap
Sistemak egoki funtzionatzen duela frogatzen ari dira astean

  Unibertsitate etorbidean, parrokia parean, eta Bakardadeko ama kale barrenean bina oztopo-zutoin hidrauliko jarri dira. Sistema berria Txaketuako bidegurutzea ixteko behin betiko konponbidea izatea espero dute udal arduradunek; ohiko zutikako eta margotutako seinaleekin batera jarri ziren hesiek, kamerek eta semaforoek ez baitzuten bere helburua nahi bezala bete, eta ibilgailuek aurrera egiten baitzuten.

  Baimendutako ibilgailuen matrikulak irakurtzen dituen sistema instalatu da orain. Halakoren bat oztopo zutoinera hurbiltzean automatikoki jaisten dira. Baimendutako ibilgailuen zerrenda eguneratu eta matrikulak erregistratu ondoren sistemak egoki funtzionatzen duela frogatzen ari dira astean, okerrik ezean, etzi, ostiral arratsaldean, 16:00tan aktibatuko baita. Txaketuako bidegurutzea trafikorako itxita egongo da, ostirala 16.00tatik larunbata 7:00tara eta larunbata 12:00tatik astelehena 7:00ak arte. Jaiegunetan ere bidegurutzea itxi egingo da bezperako 16:00tatik biharamun goizeko 7:00ak arte. Izan ere, oztopo zutoin hidraulikoak programatu egin baitira Txaketuako bidegurutzea ibilgailuentzat itxi ohi den egutegi eta ordutegiaren arabera. Ibilgailuentzako oztopo-zutoin berriak jartzearekin batera, inguruko seinaleztapena ere egokitu da, pasabidearen itxiera argiago adierazteko asmoz.

  Errioxako Nortrafic SL esleitu zitzaion sistema hornitu eta instalatzeko kontratua, 30.000 euroren truke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!