Ostalaritzan Covid-19ari aurre egiteko inbertsio eta ekipamenduetarako udal laguntzak eskatu daitezke jada

2020/12/09
Card image cap
25.000 euroko partida berezitu da

  Covid 19ari aurre egiteko ostalaritza lokala edo jarduera bera prestatzeko inbertsio eta ekipamenduetarako udal dirulaguntzak gaurtik eskatu daitezke. 10 langile baino gutxiago dituzten Oñatiko ostalariei zuzenduta daude, beti ere, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzako ordainketak egunean badituzte.

  Lokalak eta lan egiteko moduak nahiz bezeroekin eta entitate hornitzaileekin lan erlazio berrietara egokitzeko egindako inbertsio eta ekipamendu gastuak dira diruz lagunduko direnak. Hau da, lokalak edo terrazak egokitzea, ekipo informatiko berrien erosketa etab. Udalak osasun alarma indarrean sartu zenetik, hau da, martxoaren 14tik abenduaren 23ra bitartean egindako inbertsioak lagunduko ditu.

  Diruz lagunduko den gutxieneko inbertsioen zenbatekoa150 euro izango da. Egindako gastuaren %60  arteko laguntza emango da, 3.000 euroko mugarekin. Dena den, helburua, halako dirulaguntza eskatzen duten guztiengana iristea da eta ondorioz, dagoen dirua baino laguntza gehiago eskatuko balira, eskaera bakoitzeko laguntzak proportzionalki murriztuko lirateke. Horregatik, laguntza eskaera guztiak jaso arte ez dira aztertuko. Abenduaren 23an amaitzen da eskaerak egiteko epea.

  Eskaerak aurrez aurre udaletxeko HAZ bulegoan, posta arruntez bidalita edo udaleko web atarian sartuta egin daitezke. Eskaera orriarekin batera aurkeztu beharko dira: eskatzailearen NANa, Ogasunean eta Gizarte Segurantzan ordainketak egunean daudela adierazten duten ziurtagiriak, azken hileko langileen izen-zerrenda, egindako inbertsioen faktura zerrenda eta dirulaguntza ingresatu beharko litzatekeen kontu korrontearen titularitatea egiaztatzen duen agiria.

  Udalak azken Osoko Bilkuran onartu eta astelehenean argitaratu zituen dirulaguntza hauek beste erakunde batzuek emandakoekin bateragarriak dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!