Oñatiko udala

Ostalaritza lokalen udal ordenantza behin betiko onartzea proposatuko da gaurko Osoko Bilkuran

2018/10/25
Card image cap
San Martin Egoitza eta Eguneko zentroaren kudeaketa Aldundiren esku uzteko hitzarmena ere aztertuko da

  13 gaiko lan zerrenda gertatu da gaurko Osoko Bilkurarako, tartean, ostalaritza jardueretan arituko diren establezimenduak jartzea arautuko duen udal ordenantza behin betiko onartzea proposatuko da. Ordenantza uztailean onartu zen behin behineko izaeraz, baina herritarrek aurkeztutako iradokizunei jarraituz, hainbat zehaztapen egin zaizkio hasierako dokumentuari; ordenantza betetzen dela ziurtatzeko ikuskaritzak udaltzaingoak egingo dituela txertatu da, adibidez. Aldaketa horien tramitazio administratiboa osatzeko gaia mahai gainean utzi zen azken Osoko Bilkuran. Gaur, urrikoan, aztertu eta onartzea espero da. Ostalaritza lokalen udal ordenantzak eztabaida biziak sortu ditu udalbatza osatzen duten bi taldeen artean. Araudia betetzen denaren kontrol sistematikoa udalak egitea eskatzen zuen EAJk, salaketak herritarren lepora bota gabe. Ikusi egin beharko da zaintzaren puntua zehaztuta jeltzaleen eskaera asetzen den. Hori, arratsaldeko eztabaidan jakingo da.

  San Martin egoitza eta Eguneko zentroaren kudeaketa KABIA foru erakundearen esku uzteko hitzarmena ere aztertuko da gaurko Osoko Bilkuran. Aspalditik lantzen ari den gaia da, jakinekoa baitzen udal izaerako egoitza eta eguneko zentroen kudeaketa Aldundiaren eskura pasa behar zirela, Oñatikoa uztailean gauzatzea espero zen. Atzerapenez bada ere, hitzarmena sinatzea erabakitzen bada, eta badirudi hala izango dela,  urtarrilaren 1ean gauzatuko da kudeaketa aldaketa hori.

  Langabeziarekin zer ikusia duten gaiak ere azalduko dira arratsaldeko Osoko Bilkuran. Astean aurreratu dizuegunez, Udalak, 8 langabetu kontratatuko ditu Lanbideren diru laguntzaz. Kontratazio horietarako oinarriak eta deialdiak gaurko bileran onartuko dira. Gizarteratze eta laneratze prozesuetatik datozen pertsonak kontratatzeko laguntzen oinarriak ere gaurko batzarrean eztabaidatuko dituzten udalbatzako kideek.

  Ohikoa baino ordubete lehenago hasiko da urriko Osoko Bilkura, 18:30tan eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du (FM 107.4). Osoko Bilkurari hasiera eman aurretik, udalbatza osatzen duten kideek Euskaraldiari atxikimendua adieraziko diote. Belarriprest edo Ahobizi izango diren adieraziz izen-emate orriak beteko dituzte eta talde argazkia aterako dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!