Oñatiko udala

Oso pozik eta lau sarirekin datoz Provenzatik Ganbara abesbatzako kideak

2022/07/11
Card image cap
Koro mistoetan bigarren saria lortu dute, talde bokaletan 3.a eta folklore eta musika sakroan, laugarrena

  Betea izan da asteburua Ganbara abesbatzarentzat: ostegunean Marseillara bidaiatu zuten, Provenzako nazioarteko abesbatzen lehiaketan parte hartzera, eta ostiraletik igandera lau kategoriatan parte hartu dute. Lauretan gainera, postu aipagarriak lortu dituzte.

  Ostiralean koro misto eta talde bokaletan parte hartu zuten, eta bigarren eta hirugarren postua lortu zuten, hurrenez hurren. Koro mistoetan lehenengo sailkatua Errenteriako Landarbaso abesbatza izan zen eta bigarrena, Oñatiko Ganbara abesbatza, esan bezala. Larunbat arratsaldean folklore atalean parte hartu zuten eta igande arratsaldean, musika sakro sailean eta bietan, laugarren postua lortu dute. Guztira 37 taldek parte hartu dute Provenzako nazioarteko abesbatzen lehiaketan eta sail bakoitzeko partaideak gutxiago baziren ere, oñatiarren bigarren, hirugarren eta laugarren postuak guztiz txalotzekoak dira, ordu gutxiren bueltan erregistroz aldatu eta goi mailan aritzea ez baita makala. Gainera, aurretik, lau errepertorio ezberdin prestatzeko lana izan dute.

  Beraien buruari exigentzia maila handia jarrita aritu dira Ganbara abesbatzakoak Provenzako nazioarteko lehiaketa prestatzen eta lortutako emaitzarekin pozik, oso pozik datoz etxerako bidean. Zorionak!

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!