Osatu da igeltsero ofizial lanpostua betetzeko hautaketa prozesua

Bi hautagaik osatu dute udal brigadan arituko den igeltsero ofizial lanposturako hautaketa prozesu osoa. Hirugarren batek euskara azterketa zuen asteartean baina ez zen aurkeztu, eta ondorioz, ezin izan zuen atzoko azterketa praktikora presentatu. 9:00tan hasi zen azken azterketa hori eta arratsaldean kaleratu ziren emaitzak. Bi hautagaiek ariketa gainditu dute, udaleko web atarian eta udaletxeko iragarki taulan ikusgai dauden behin behineko emaitzen arabera. Emaitza hauekiko erreklamazioren bat egin edo azterketa berrikustea eskatzeko epea asteartean, urtarrilaren 26an amaituko da. Behin betiko emaitzak argitaratuko dira ondoren, eta oposizio faseko puntuazioa eta aurrez baloratuta dagoen lehiaketa fasekoa batuta, puntu gehien lortu dituen hautagaia proposatuko dio epai mahaiak udalari igeltsero ofizial plaza bete dezan.
Udal brigadan arituko den igeltsero ofizialaren ardura nagusia izango da udal eraikinetan eta kale plazetan konponketa eta mantentze lanak egitea. Hala, kale eta plazetan, baldosak, zintarriak, galtzadarriak edota asfaltoa aldatzeko lanak egin beharko ditu, udal eraikinak kontserbatu eta mantentzeko lanetan ere jardun beharko du eta hiri altzariak, eserlekuak, oztopo zutoinak edo trafiko seinaleak jarri beharko ditu. Igeltserotzari zuzenean ez dagokion arren, udaleko lan taldeak egin ohi dituen garbiketa lanetan edota jaietako eszenatokian muntatu eta jasotzeko lanetan ere jardun beharko du, besteak beste.
Udal brigada osatzeko beste plaza bat betetzeko prozesua abian jarri berri da, pioi galdaragilearena. Urtarrilaren 15ean amaitu zen lanpostura aurkezteko epea.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!