Osasun Zentroaren inguruko urbanizazioa irisgarritasun baldintzetara egokitzeko lanak San Migel jaixak pasa ondoren hasiko dira.

2012/06/20
Obraren esleipena udako oporren aurretik egin asmo da.

  Eta horretarako jada, udaleko zerbitzu teknikoetan hasi dira lanak esleitzeko baldintza plegoa prestatzen, deialdia egin eta ahal dela, abuztua baino lehen esleituta uzteko. Lanak dena den, ez dira berehalakoan hasiko, Errosarixo jaixak pasata, urriaren 10-15 inguruan hasteko asmoa baitago.

  Udal gobernu taldeak pasa den asteko batzarrean onartu zuen Bidebarrieta kaletik anbulatoriora bitarteko bidea irisgarritasun arauetara egokitzeko proiektua. Horren arabera, kiroldegitik osasun zentrora arteko tartean dauden oztopo arkitektonikoak ezabatu, zebra bideak egokitu eta elbarrituentzako aparkalekuan berrantolatuko dira, besteak beste. Udaltzaingorako eta Bake Epaitegirako sarrerak ere egokituko dira.
Interbentzio nagusia, anbulatorio aurrealdean egingo da. Ingurua, oztoporik gabeko plataforma bakar bihurtuko da eta espaloiak eta galtzada maila berean jarriko dira, kiroldegi aurrealdean dagoen gorri koloreko asfalto guneari jarraipena emanez. Anbulantziak geratzeko gune bat ere markatuko da osasun zentroaren aurrealdean.

  Anbulatorio inguruko errotondaren egitura ere moldatuko da. Egun errepidean marraztuta dagoen biribilgunearen ordez, zorutik 5 zentrimetro altxatuko den plataforma modukoa egingo da, gidariak buelta egitera behartuz eta bide batez abiadura moteleraziz.

  Kiroldegi aurrealdean elbarrientzat dauden aparkalekuak berrantolatuko dira eta beste plaza bat egokituko da errepidearen bestaldean. Ikastolak autobusarentzat erreserbatutako aparkalekua ere lekuz aldatuko da lurrazpiko parkinera sartzeko igogailua dagoen gunerantz. Udaltzaingoaren egoitzarako sarreran arrapala egokituko da eta Bake epaitegirako sarbide zuzena egingo da.

  Hori guztia, urritik aurrera eta osasun zentroaren inguruko urbanizazioa irisgarritasun baldintzetara egokitzeko proiektuaren baitan egingo diren lan nagusiak. 170 mila euroko aurrekontua finkatu da baina lanak esleitzerakoan, kopuru hori murriztu daiteke. Lanak, era berean, lau hilabeteko epean egitea aurre ikusten da. Urrian hasita beraz, otsaila erdialderako edo amaitzeko asmoa dago.

  Baina guzti hori esleipenarako baldintza plegoan jasoko da. Udal teknikariak hasi dira jada lan horretan.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!