Osasun arloko maskarak birziklatzeko SPAIN egitasmoan parte hartzen du ULMA Packaging kooperatibak

2020/04/20
Card image cap
Makina biltzaile bat doan jarri du arduradunen esku

  Sistema Presurizado Antiséptico Industrial y Neutro proiektua, SPAIN deritzona, Asturiasen abiatu zen elkarlanerako plataforma da. Oviedoko unibertsitateko irakasle David Hevia Sanchez medikuak jarri zuen martxan osasun arloan erabiltzeko maskarak falta zirela eta beste bide baten bila.

  Hainbat enpresek bat egin dute egitasmoarekin, bakoitzak duen giza eta tekniko ezagutza nahiz bitarteko teknologikoak eskainiz. Proiektu jasangarria burutu dute, erabilitako maskarak hartu, garbitu, esterilizatu eta berriro erabiltzeko moduan prestatuz. ULMA Packaging-ek prozesuaren azken urratsean parte hartu du, makina biltzaile bat propio egokituta.

  Aplikazio ezberdinetarako aukera ematen duen makina malgua prestatu da Oñatin. Oso denbora gutxian egokitu zen Asturiasera lehenbailehen bidali ahal izateko. Biltze prozesuan bereziki diseinatutako plastikoa erabiltzen du makinak, birziklatutako maskarak 25eko paketetan bildu ondoren, paketeak berriro esterilizatzen baitira.

  SPAIN deritzon proiektuko partaide guztiak boluntarioak dira. Hainbat enpresa eta erakundek bat egin dute, musu truk gainera, egun bizi dugun osasun krisia gainditzeko elkartasuna eta elkarlana irtenbide egokia direla agerian utziz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!