Osakidetzaren “gainbehera” salatu eta berrindartzeko proposamena aurkeztu du EH Bilduk

2024/03/26
Card image cap
Arrasateko anbulantzia medikalizatua mediku gabe egon izana salatu dute eskualdeko alkateek

  Azken astean egun eta gaueko lau txandatan ez da medikurik egon Arrasateko anbulantzia medikalizatuan. Kezkagarria eta onartezina dela adierazi zuen Izaro Elorza alkateak Arrasaten, atzo, eskualdeko EH Bilduko hautetsiek egin zuten agerraldian. Udaran ere, antzerako egoera gertatu izana salatu zuten Debagoieneko alkateek eta neurriak hartzea eskatu zioten Osasun Sailburuari. Honek salbuespena izan zela eta kalitatezko arreta bermatuta zegoela erantzun ei zien. Baina azken astean gertatutakoa ikusita, egoera okertzen ari denaren adierazle dela esan zuen Izaro Elorzak. Era berean, medikuntza espezialitatuan eskualdeak dituen hutsuneak ere aipatu zituen, gabezia handia dagoela eta espezialista gehienak Gasteizko ospitalean zentralizatuta daudela adierazi zuen. Egoerari buelta emateko neurriak eskatu zituen. Arrasateko ospitalea berritzeko iragarri diren obren harira berriz, esan zuen, behar moduko zerbitzua eskaintzeko plantilla falta dela, osasun alorreko profesional gehiago behar direla.

  Oñatiko, Arrasateko, Bergarako, Elgetako, Aretxabaletako eta Eskoriatzako alkateak, eta Antzuolako alkateordea izan ziren atzoko agerraldian, Rebeka Ubera EH Bilduren Gipuzkoako zerrendakide debagoiendarrarekin batera. Osakidetzarako koalizioak egiten duen proposamena aurkeztu zuen Uberak. Bi lan ildo nagusi azaldu zituen; alde batetik, osasun politikak gainerako politiketan txertatzea, prebentzioan sakontzeko helburuarekin, eta ingurune osasuntsuak eraikitzeko, eta bestetik, Osakidetzaren indartzeko, pertsonal politika aldatzea.

  Profesionalak erakartzeko kontratazio eredua landu beharra dagoela esan zuen Uberak, lanpostu egonkor eta iraupen luzekoak abiaraziz eta kontratu erakargarriak eskainiz, asistentziarekin, ikerketarekin edota formazioarekin uztartuz. Era berean, kategoria guztietan profesionala garatzeko aukera izatea proposatu zuen. Horretarako, lan egiteko moduak aldatzea planteatu zuen Uberak eta Erakunde Sanitario Integratuetan herritarren ikuspegia txertatzeko aukera aipatu zuen. Osakidetza indartzeko osasun sistema barrutik ezagutzen duten kudeatzaile onak jartzea ezinbestekotzat jo zuen Uberak eta langileen parte hartzea sustatu beharko litzatekeela erantsi zuen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!