Oñatiko udala

Osakidetzak telefonoz txanda hartzeko sistema aldatu egingo du

2013/07/11
Osakidetzak atzera egin du. Telefonoz txanda hartzeko sistema aldatu egingo du eta anbulatoriora deituta bertan dagoen pertsona batek erantzungo du. Aldaketa, urrian gauzatuko ei da.

  Hori da behintzat osasun zentroan bertan esan digutena.  

  Iazko udazkenean jarri zuen martxan Osakidetzak, txanda telefonoz hartzeko sistema berria. Oraindik indarrean, martxan dagoen sistema automatizatu zentralizatua da hau. Osasun zentrora deituta, makina batek erantzuten du eta emandako aukerei jarraituz mediku edo erizainarentzat txanda automatikoki ematen du edo anbulatorioan bertan dagoen pertsona batekin berba egiteko moduan jartzen gaitu.

  Sistema honek hainbat arazo sortu ditu Oñatin bertan. Makinak dioena ulertzeko zailtasunak oso ugariak izan dira eta alde horretatik, txanda hartzeko guztiz autonomoak ziren edadeko herritar askok telefonoz deitzeari utzi diote. Larrialdiren bat gertatu eta anbulatoriokoekin berba egin ezinda ibili da beste asko, urduritasunaren eraginez makinak adierazten zituen pausoak ezin emanda geratzen zirelako. Eta akatsak ere asko izan dira, azalpenak ulertu ez eta txanda gaizki hartu izan dira askotan. Horrek guztiak kexa ugari eragin ditu Oñatin bertan esan bezala. Baina Oñatin bezala, euskal autonomia erkidegoko beste osasun zentroetan ere bai, sistema orokorra, zentralizatua baita.

  Sistema automatizatu honek onurak baino arazo gehiago sortzen dituela ikusita, Osakidetzak atzera egitea eta lehengo sistema pertsonalizatura bueltatzea erabaki du.

  Aldaketa, ekainean egin asmo zen baina zenbait arazo izan dira eta udazkenean gauzatuko dela adierazi da prentsa bidez. Anbulatorioan bertan, egun zehatzik ez baina urrian egingo ei dela aurreratu digute.  
Txanda telefonoz hartzeko sistema aldatu egingo da eta deiari erantzunez pertsona bat topatuko dugu berriro. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!