Oñatiko udala

Osakidetzak lehiaketara atera ditu Debagoieneko ospitalearen eraikin berriaren lanak

2024/02/14
Card image cap
29 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da

  Lizitaziora atera diren Debagoieneko ospitalearen eraikin berriaren lanak, aurten, urteko bigarren seihilabetekoan hastea aurreikusten du Osakidetzak. 30 hilabeteko epea zehaztu da lanak egiteko eta 29 milioi euroko inbertsioa ekarriko duela jakinarazi dute osasun arduradunek. Horri altzarien eta ekipamenduaren zenbatekoa gehitu beharko zaio.

  Arrasateko ospitaleko bloke berrian kokatuko dira, besteak beste, eguneko ospitale mediko-kirurgikoa, medikuntza fisikoko eta errehabilitazioko eremua, endoskopia-unitatea, larrialdi-zerbitzua eta erresonantzia magnetiko nuklearreko zerbitzua.

  Eraitsita dagoen ospitale zaharraren ordezko eraikin berria Txaeta eta Zalduspe kaleen arteko izkinan jasoko da. Guztira, 9.300 m²-ko azalera eraikia izango du eraikinak, 5 solairutan eta 2 soto-solairutan banatuta. Gainera, bloke berriak zuzeneko konexioa izango du kanpoko kontsulten eraikinarekin. Hori dela eta, eraikin berriarekin lotu edo konektatzen diren ondoko eraikinetan ere lanak egingo dira, 2.000 m² inguru berrituz.

  Eraikin berriak zerbitzu osagarriak eta administratiboak ere hartuko ditu, eta solairu bat erreserban geratuko da, osasun-asistentzian sortzen diren premietara egokitu ahal izateko. Estalkiak instalazioen eremu tekniko gehienak jasoko ditu, eta sotoko bi solairuak aparkalekurako erabiliko dira, egungo aparkalekuarekin bat eginik. Horrez gain, eta eraikitako inguruneen irisgarritasuna hobetze aldera, obra-proiektuan jaso da, halaber, aldagailu bat birmoldatzea eta ostomizatutako pertsonek erabiltzeko komunak egokitzea. Eraikinak energia-kalifikazio gorena lortzeko oinarrien arabera jasoko da.

  Debagoieneko ospitalearen eraikin berriak, eskualdeko osasun zerbitzuak osatu eta eguneratuko direla jakinarazi dute osasun arduradunek, Osakidetzako zentroak eta egiturak hobetu, modernizatu eta egokitzearekin duten konpromisoa berretsiz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!