Ortua izango dute Gaztelekuko haur eta nerabeek
Gaztelekuko erabiltzaileekin egin zen parte-hartze prozesuan ortu bat izateko eskaera jaso zen. Naturarekin eta landareen zikloarekin esperimentatzeko aukera gisa aurkeztu zen eta hainbat haur eta gaztetxoren interesa sortu zuen.
Gaztelekuko ortua eratzeko hainbat aukera aztertu ziren eta Ludotekan jarri ziren lorontzien modukoak inguruan kokatzea egokiena zela ondorioztatu zen. Horretarako ere, hainbat espazio baloratu ziren eta, hurbiltasunagatik, Pake leku eta Parrokia artean, errekaren ondoan dagoen plazatxoan kokatzea erabaki zen. 8 metro karratuko egurrezko bi edukiontzi handi egin dira eta lurrez bete dira. Une honetan ez dago ezer landatuta baina udako oporren ostean erabiltzen hastea aurreikusten da. Gaztelekuko ortuaren erabilera eta ardura nork, nola eta zertarako, erabakitzeko dago oraindik, baina haur eta nerabeei zuzendutako gune berria prest dago haziak erein eta landareak sartzeko.
Txaloka ludoteka aldamenean ere halako lau edukiontzi handi dituzte ortu txikia proiektua gauzatzeko eta ofizialki maiatza amaieran inauguratu zuten arren, iazko azarotik erabilgarri izan dute. Gaztelekukoa nola antolatu, 2022-2023 ikasturtea hastearekin batera erabakiko dute haur eta nerabeek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!