Organoa ikasteko eskaintza zabaldu du musika eskolak
Jose de Azpiazu musika eskolan pianoa irakasten duen Arantzazu Saiz izango da organo irakaslea. Interesa dutenek datorren astelehenetik aurrera eman dezakete izena, irailaren 13tik 24ra. Pianoko oinarrizko ezagutzak izan beharko dira organoa jotzen ikasteko.
Organoa ez da ohiko instrumentua musika eskoletan, baina urrinera joan gabe, Bergaran edo Azpeitian irakasten da, eta Oñatin ere animatu dira. Ez da oso ohikoa, besteak beste, organo bat eskura izatea ez delako xamurra. Kasu honetan herritar batek musika eskolari utzi dion organo elektronikoa erabiliko da ikasketa prozesuan.
Atzo hasi zen ikasturte berria Jose de Azpiazu musika eskolan; musika tresnen eskolak atzo hasi ziren eta ohiko jarduna astelehenean, hilaren 13an hasiko da. Bitartean, lekua dagoen hainbat taldetan ikasle berriak hartzen ari dira oraindik, izan dultzaina, txistua eta abar. Informazio gehiagorako musika eskolara jo behar da edo bertara telefonoz deitu: 943 783174 zenbakira.
Organo ikasteko eskaintza da musika eskolako aurtengo nobedade nagusia, irakaskuntza aldetik. Baina Oñatiko banda gaztea proiektua ere aipatu behar da, musika eskolak bandarekin batera babesten baitu. Herriko musikari gazteei formazioa eman eta kontsolidatutako musika banda gazte bat edukitzea da egitasmoaren helburua. Aitor Biainek zuzenduko du eta 20ren bat lagunek osatuko dute, asko, musika eskolako ikasleak, baina irekia izango da, egun ikasle ez direnek ere parte hartu dezaten.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!