Organo elektroniko bat erabiliko da Korpuseko elizkizun nagusian

2023/06/08
Card image cap
(Arg: Diario Vasco)
Haizezko organoan egurra garbitzeko tratamendua egin da eta likidoa lehortu arte ezin da erabili

  Parrokiako arduradunen ilusio eta asmoa, haizezko organoa Korpus elizkizun nagusian jotzea zen, baina ezinezkoa izango da, emandako tratamendua ez delako sikatu oraindik eta, ondorioz, ezin delako erabili. Hala ere, ez da organo soinurik faltako domekan, azken asteetan erabili den organo elektronikoak parrokian jarraitzen duelako; hori joko da Korpuseko  elizkizun nagusian.

  Parrokiako zoru eta altzarien egurra xilofagoen kontra tratatu ondoren, organoaren egurrean ere antzerako prebentzio tratamendua egitea erabaki zen, xomorroak batetik bestera pasa ez zitezen. Orain bi hilabete eta erdi inguru eman zen tratamendua baina likidoa ez da guztiz lehortu eta organoa erabili ezinik dago. Inguruan jarri ziren aldamioak kendu dira eta organoaren tubo eta gainontzeko elementuak garbitu dira, hautsa kendu da, baina ezin da jo oraindik.

  Gipuzkoako Parrokietako erretaula eta organoen zaharberritze integrala egiteko egitasmoa landu zuten, Foru Aldundiak eta Elizbarrutiak elkarlanean. Inbertsio handia eskatzen du proiektuak eta faseka betetzen ari dira, premiaren arabera. Hala, Oñatiko San Migel Parrokian okerren zegoen zoruko eta altzarietako egurra saneatu zen lehenik, egurrari erasotzen dioten xilofago eta bakterien kontrako tratamendua emanda, eta hurrengo pausoa organoa guztiz zaharberritzea zen, baina atalka egingo da hori ere, milioi bat euroko aurrekontua zehaztu zelako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!