"Orain presoak" lemapean hilaren 12an Bilbon egingo den manifestaziorako autobusak antolatu ditu Sarek

2019/01/02
Card image cap
Bihar hasiko dira txartelak saltzen

  Azken hilabeteetako dinamikari jarraituz Orain presoak leloa hautatu da beste urte batez Bilboko kaleetan barrena egingo den manifestaziorako,  giza eskubideak, konponbidea eta bakea aldarrikatzeko. Manifestazioa 17:00tan hasiko da La Casillan, eta bertara joan-etorria egiteko autobusak antolatu dira Oñatitik. Sare taldekoak bihar bertan hasiko dira autobus txartelak saltzen Bidebarrieta kaleko Euskaldun Berria aretoan. Hilaren 11ra arte egunero izango da autobus txartelak erosteko aukera, bihar eta etzi eta datorren astean, astelehenetik ostiralera, 11:30tatik 13:30 eta 18:30tatik 20:30tara. Urtarrilaren 12rako egun osoko egitaraua antolatu da Bilbon; horregatik, goizean joateko nahiz arratsaldeko manifestaziora joateko autobusak izango dira Oñatitik.

  Sareren ekimenez, urruntze espetxe politikarekin amaitzea eskatzen duen mozio idatzia aurkeztu zen azken Osoko Bilkuran. Udalbatzak aho batez onartu zuen idatzian urruntze espetxe politikarekiko desadostasuna azaldu eta espetxe politika berri bat behar dela aldarrikatu zen. Lau dira une honetan preso dauden oñatiarrak eta hurbilen dagoena, Xabier Ugarte, herritik 440 Km-tara dago.

  Oñatiko udalbatzak bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Batzar Nagusiek eta erkidegoko sindikatu guztiek bat egin dute urruntze politika baztertu eta beste espetxe politika berri bat eskatzeko helburuarekin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!