ORAIN PRESOAK ekimenarekin bat egin du Oñatiko udalbatzak

2018/09/20
Card image cap
Irailaren 29an plazan egingo den ekitaldian parte hartzeko deia zabaldu die herritarrei

  Orain Presoak ekimenak egin duen adierazpenarekin bat datoz EH Bildu eta EAJko udal taldeak. Orain presoak dinamikaren asmo eta helburu orokorrak azaltzen dira adierazpenean eta Oñatin, irailaren 29an egingo den ekitaldiaren berri ere ematen da. Udalbatza osatzen duten bi talde politikoek ekimenarekin bat egin ez ezik, bere egin dute adierazpena, Erakunde adierazpen bihurtuz.

  Orain presoak dinamikak ETAren disoluzioaren ostean ireki den garai berria probestu nahi du, bakerantz eta elkarbizitzarantz eramango gaituen aldaketa gauzatu dadin. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen da euskal presoen aferari irtenbidea ematea.

  Euskal herritarren minak eta oinazeak askotarikoak direnaz kontziente dira Orain presoak ekimenaren sustatzaileak. Oinaze horiek ez dituzte ez ahaztu ezta baztertu nahi, elkarbizitzan eta bakean aurrera egiteko zauri guztiak sendatu eta korapiloak askatu behar direla jakitun baitira. Baina egun indarrean dagoen espetxe politika aldatu ezean, giza eskubideak urratzeaz gain, presoen senideek sufrimendua pairatzen jarraituko dutela adierazten dute.

  Zentzu honetan, azken hilabeteetan, ugaldu egin dira espetxe politika honen aldaketa beharraz mintzo direnak.  Baita espainiar gobernuaren baitan ere. Baina, hitzak ez ezik, ekintzak behar direla gogorarazten du Orain presoak ekimenak. Horregatik, dinamika honen baitan dabiltzanek aldaketa horren oinarriak ezartzeko unea dela aldarrikatzen dute eta herritarrak eskaera hori babestera deitzen dituzte.

  Datorren larunbatean, irailaren 29an, espetxe politika aldatu dadin eskatzeko ekitaldia egingo da plazan, 19:00. Udalbatza osatzen duten bi talde politikoetako kideak ekitaldian izango dira baina herritarrei ere, bertaratzeko deia luzatu diete aipatu adierazpena bere egitearekin batera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!