Oporretara goazenerako eta etxean lapurren bisita izan ez dezagun hainbat gomendio eman ditu udaltzaingoak.

2013/07/19
Etxeko atea giltzaz itxi beti eta konfiantzazko pertsona bati postontzia hustu eta pertsianak igo eta jaisteko eskatu.

  Horiek, adibide batzuk besterik ez dira, halakoetan, garrantzitsuena, etxean norbait dagoenaren itsura ematea baita.

  Horretxegatik egun batzuetarako joaten garenerako pertsiana guztiak itxita ez uztea gomendatzen du udaltzaingoak, eta senitartekoren bati edo konfiantzazko lagunen bati etxeko giltza utzita, tarteka bertara joan dadila eskatzea, leihoak zabaldu, pertsianak igo edo jaitsi eta posta jaso dezan. Garrantzitsua da ordea, noiz behinkako bisita horien ordutegia aldatzea eta arratsalde-ilunkaran doanean, argiak piztea. Halako maniobren helburua, etxean norbait dagoenaren itxura egitea baita.

  Horretarako noski, aurreko egunetan oporretan goazela han eta hemen esaka ez ibiltzea ere inportantea da. Ez oporretara noiz goazen, nora edota zenbat denborarako. Halako komentarioak egiten ari garenean edonork entzun baititzake. Bide batez, konfiantzazko pertsona horri edo bizilagunen bati, gu lokalizatzeko moduko telefono zenbakia utziko diogu, edozein arazo gertatu ezkero gurekin kontaktatuan jartzeko aukera izan dezan.

  Urtero errepikatzen diren gomendio eta aholkuak dira baina beti ere beharrezkoak, oporretatik bueltan ustekabekorik jaso nahi ez badugu behintzat.

  Gogoratu, oporretara joan ala ez, etxetik irteten garen bakoitzean, atea giltzaz ixtea. Buelta pare bat emanda ixteko ohitura hartzearen garrantzia bereziki azpimarratu du udaltzain buruak. 

  Iraila-urrira begira bestalde, adineko pertsonek lapurretarik izan ez dezaten kontutan hartu beharreko gomendioak bilduz hitzaldia prestatzen ari da udaltzain burua. Kalean ezezagunen batek gelditzen baldin baditu, portalean norbait sartzen bada eta antzeko egoera ez ohikoetan nola jokatu argitzeko gomendioak azalduko lituzkeen hitzaldia izango litzateke. Oraingoz dena den, zehazten ari den egitasmoa da eta udako oporren bueltan, urrian edo, gauzatuko dena.  

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!