Oñatiko udala

Oporretan lapurretak saihesteko gomendioak eman ditu udaltzaingoak

2022/07/27
Card image cap
Etxeko atea giltzaz itxi beti eta konfiantzazko pertsona bati postontzia hustu eta pertsianak jaso eta jaisteko eskatu

  Horiek, adibide batzuk besterik ez dira, halakoetan, garrantzitsuena, etxean norbait dagoenaren itxura ematea baita. Horregatik, egun batzuetarako joatean, pertsiana guztiak itxita ez uztea gomendatzen du udaltzaingoak, eta senitartekoren bati, edo konfiantzazko lagunen bati, etxeko giltza utzita, tarteka bertara joan dadila eskatzea, leihoak zabaldu, pertsianak jaso edo jaitsi eta posta har dezan. Garrantzitsua da ordea, noiz behinkako bisita horien ordutegia aldatzea eta arratsalde-ilunkaran joatean, argiak piztea. Halako maniobren helburua, etxean norbait dagoenaren itxura egitea baita.

  Aurreko egunetan oporretan goazela esaka ez ibiltzea garrantzitsua da baita ere eta sare sozialetan argitaratzen diren mezu eta argazkiei arreta berezia jartzea gomendatzen da udaltzaingotik. Baliozko objektuak babestuta eta identifikatuta izatea aholkatzen da eta itzultzean lapurrak etxean sartu direla ikusiz gero, bertara sartu gabe, 112ra berehala deitzea gomendatzen dute, lapurrek manipulatu dituzten objektuak ez ukitzeko azpimarratuz.

  Bidaian joaterakoan, dirua eta agiri pertsonalak banatuta eramatea eta diru kopuru handirik ez eramatea gomendatzen da eta larrialdietarako diru kopuru bat bereizi eta leku seguruan gordetzea. Aireportu eta geltokietan norbere gauzak bistatik ez galtzeko eta fakturatzerakoan inguruan dauden pertsonengan arreta jartzeko aholkatzen da. Beste pertsona batzuen pakete eta oparirik ez eramateko edo ekipajerik ez fakturatzeko ere aipatzen dira norbere segurtasunerako neurrien artean.

  Errepidez bidaiatuz gero, berriz, atseden hartzeko jende gutxi dagoen lekuak ekiditeko gomendatzen da. Eta ibilgailua geratzeko seinaleak eginez gero, arreta handiz ibiltzea gomendatzen da.

  Udaltzainek opor-lekurako gomendioak ere ematen dituzte: ibilgailua hotel edo apartamentuaren ondoan aparkatzea, ahal bada jendea dabilen lekuetan; baliozko gauzak hoteleko kutxa gotorrean gorde eta pertsona ugari pilatzen den lekuetan arreta berezia izateko, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!