Onik topatu dute desagertuta zegoen 17 urteko oñatiarra

Lehen berrien arabera, gaztea zaurituta dago baina onik, Arrasateko ospitalera eramango dute artatu dezaten, udaltzain-buruak adierazi digunez.
Lagunekin gaua mendian pasatzeko asmoz abiatu omen zen gaztea atzo arratsaldean. Baina etxera itzultzea erabaki zuen nonbait, eta bakarrik eta ilunetan irten zen Oñatirantz. Gaur goizean lagunak etxeratu direnean gaztea falta zenaz ohartu dira eta etxekoek eman dute desagerpenaren abisua udaltzaingoan. Berehala hasi dira gaztea bilatzeko lanak.
Udaltzainak eta hainbat boluntario izan dira mendirako bidean jarri diren lehenak baina udaltzaingoak Ertzaintzari eman dio abisua eta mendi erreskateko taldea, helikopteroa barne, bilatze lanetara batu da eguerdian. Inguruko basozainak ere horretan aritu dira.
Helikopterotik ikusi dute gaztea zuloren batean jausita eta mendi erreskatekoak bertaratu dira atera eta Arrasatera eramateko.
17 urteko mutil oñatiarra da hainbat orduz mendian desagertuta egon dena.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!