Aurreikusitako epeak beteta burutu dira udaleku irekiak eta udako kirol kanpaina
Gogorra, uztaila gogorra eta tentsio handikoa izan dela adierazi digute udalekuetako eta uda kanpainako arduradunek, baina pozik daude, haurrei bereziki ondo pasatzeko aukera eman zaielako, eta familiei egindako aisialdi eskaintza egoki bete ahal izan dutelako.
Udaleku irekietan 400 haur aritu dira aurten eta uda kirol kanpainan 850. Guztiei agindutako zerbitzua eman zaie eta udalekuetako talde bat soilik konfinatu behar izan da, eta hori atzo gertatu zen. HH-4ko talde bat etxera bidali behar izan zuten, taldekide batek positibo eman ondoren. Kontu egin behar da, halako haur txikiek ez dutela musukorik eraman beharrik. Gainerako taldeetan, beste positibo isolaturen bat izan da baina musukoekin ibili direnez eta burbuila taldeak mantendu direnez, ez da halako neurri gogorrik hartu beharrik izan. Begiraleen artean ere konfinatu beharra izan dute batzuk, baina kasu guztietan udalekutik kanpoko harremanek eragin dute, alegia ez da barruko kutsatze fokurik izan. Berdin gertatu da udako kirol kanpainan ere, hainbat monitore eta erabiltzailek konfinatu beharra izan dute baina kanpoko kontaktuen ondorioz. Begiraleen artean sortu diren hutsuneak beste begiraleek bete dituzte. Alde horretatik, guztien ahalegin eta jarrera ona txalotu dute udal arduradunek.
Covid-19a puri-purian dugu oraindik, eta arrisku hori gogoan bereziki zaindu dira hartu beharreko prebentzio neurri guztiak. Egindako ahalegina egokia izan da, udalekuak eta kirol kanpaina aurreikusitako epetan eta aparteko gora behera azpimarragarririk gabe bete direlako. Hilabete gogorrak izan direla onartuta, pozik amaitu dute udalekuetako eta kirol kanpainako arduradunek, herritarrei zerbitzu egokia ematea lortu delako.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!