Ongizate arloan garrantzitsutzat jotzen dituzten hobariak onartu direla eta, pozik dago EAJren udal taldea

2016/11/02
Card image cap
2017ko ordenantza fiskaletarako aurkeztu zituzten proposamen ia guztiak aurrera ateratzea lortu dutela azpimarratzen dute prentsara zabaldu duten oharrean

  Pasa den ostiralean aurreratu bezala, bezperako Osoko Bilkuran, 2017ko udal ordenantza fiskalak aho batez onartu ziren. EAJ-PNVk, udal zerga eta tasei egindako ekarpenak azpimarratuz prentsa oharra zabaldu du. Jeltzaleak pozik agertu dira aurkeztutako proposamen ia guztiak aurrera ateratzea lortu zutelako  eta onartutako proposamenak eragin zuzena izango dutelako oñatiarren bizi-kalitatearen hobekuntzan.

  Datorren urteko udal zerga eta tasei begira, EAJ-PNVk bereziki ongizate-arloan garrantzitsuak diren hobariak proposatu zituen, kide ugariko zein guraso bakarreko familiengan eta Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta edo RGIa deritzon laguntza jasotzen duten pentsiodunengan zuzeneko eragina izango luketenak. Jeltzaleen proposamenen haritik bi aldaketa nagusi onartu ziren 2017ko zerga ordenantzetan: trakzio mekanikoko ibilgailuen zergan, familia ugariek hobaria jasoko dute 5 lagun edo gehiagorentzako autoetan, beti ere, duten errenta kontutan hartuta. Eta RGIa deritzona kobratzen duten pentsionista eta beste kolektiboei, kontribuzioan eta obren gaineko zergan % 90aren hobaria aplikatuko zaie. Familia monoparentalen kasuan ere, Ondasun Higiezinen Zergan, ikastaroen matrikuletan eta ludotekako tasetan hobariak aplikatzea eskatu zuten jeltzaleek baina neurri hauek ez dira 2017ko ordenantza fiskaletan jaso. Gaia sakon aztertzeko, batzorde berezi bat sortzeko konpromisoa hartu zuen alkateak.

  Udal gobernu taldeari egindako proposamenen bitartez, jeltzaleek gizartearekiko duten erantzukizuna berretsi dutela dio gaur goizean prentsara zabaldutako oharrak. Oñatiarren alde lan egiteko konpromisoa dutela azpimarratzen da eta herritarrak direla euren lehentasun eta lan ardatza.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!