Oñatira datozen 5 bisitarietatik 1 atzerritarra da

Gehiago izango ziren beren kabuz herria ezagutzera hurbildutakoak baina horien kontaketa egitea zaila da. Iaz Oñatiko turismo bulegora edota Arrikutzeko kobara joan ziren bisitarien % 20a atzerritarra izan zen. Jatorriari dagokionean ugarienak frantziarrak izan ziren baina Alemania eta Erresuma Batutik etorritakoak ere asko izan ziren.
Esanguratsua da bestalde, hurbileko bisitarien kopuruak izan duen gorakada; herriko bi turismo harrera zentroetan hartu direnen % 31a Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik etorritakoak dira.
Estatuko bisitariak berriz, %41a izan ziren eta hauen artean aipagarria da valentziarren igoera. Baina ohikoa denez, Katalunia, Madril eta Andaluziatik etorritakoak dira, ia aipatutako valentziarrekin batera estatutik etorritakoen artean ugarienak.
Oñatin bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan ere 2016a turismo urte borobila izan da eta ia 3 milioi bisitari izan ziren Eustaten datuen arabera. Hoteletako bidaiari sarrerak %7.6 gehitu ziren aurreko urtearekiko eta egindako gaualdiak ere gehiago izan ziren, ia % 9 gehiago. Nekazal turismo etxeetara jo zuten bisitarien kopuruak ere nabarmen gora egin zuen iaz, eta igoera gainera, hoteletakoa baino handiagoa izan zen proportzioan, sarrerak, ia % 12 igo baitziren eta gaualdiak % 12.5. Oñatiren kasuan ezin dugu egonaldi kopururik eman halako estatistika orokorrik ez baita egiten.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!