Oñatin ospatuko du Bilgune Feministak 20. urteurreneko Topagunea

2022/04/26
Card image cap
Topagune Feministaren aurkezpena, atzo
Ekainaren 11n eta 12an izango da “20 urtez paradisua erretzen… eztandak dardara gaitzala” lemapean

  Emakume, trans eta bollerook Oñatin ikusiko dugu elkar! mezuaren bidez aurkeztu zuen atzo Euskal Herriko Bilgune Feministak 2022ko Topagune Feminista: 20 urtez paradisuak erretzen... eztandak dardara gaitzala da aurtengo leloa. Izan ere, hogei urte bete ditu aurten Bilguneak, eta hori ospatzeko egitarau zabala prestatu dute, ezinbestekotzat jotzen dituzten hainbat gai landu eta Euskal Herriko eragileekin batera ekiteko. Tailerrak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta kontzertuak dira programaren oinarri, baina beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera ere egongo da.

  Plazako pilotalekua izango da gune nagusia eta bertan emango diote hasiera Topaguneari larunbat goizean. Arratsaldean, askotariko mahai-inguru, tailer eta ekintzetan banatuko dira: sexu eta genero disidentziak izan duen ibilbideaz edota baita zaintzaren potentzialitate politikoaz hausnartuko da, besteak beste. Sormenerako tartea ere izango da eta musikarien maratoian, sormen tailerrean, zein bertso saioan parte hartzeko aukera egongo da. Iluntzean ekitaldi nagusia egingo da eta ondoren, urteurreneko abestia sortu duen Ginger Zarauzko taldearekin, IRA, Chocolate Remix eta DJ Miaurekin batera amaituko dute gaua. Igande goizean Nomadak Gaittun emakume sortzaile eta artisauen azoka izango da, “marianitada” eta herri bazkaria. Anariren kontzertuarekin amaituko da Topagune Feminista.

  Azpiegitura aldetik, plaza ondoko pilotalekuaz gain herriko hainbat espazio ere erabiliko dira eta lo lekua eta furgonetentzako parkinga ere izango dira aukeran.

  Topagune Feministan parte hartzeko sarrerak salgai daude Arrano tabernan edo labur.eus/TopaguneFeminista estekan . Sarrera arruntaren prezioa 40 euro da baina 35 euroko merkeagoa ere eskuratu daiteke.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!