Oñatin ospatuko den 7. Puntaik Punta Bidezidorren Jaialdiko egitaraua aurkeztu da

2023/03/30
Card image cap
Hartzaren bidea GRaren aurkezpena eta Aloñako igoera azpimarratu dira

  Natura, kultura, kirola eta aisialdia eskutik etorriko dira apirilaren 21etik 23ra Oñatira, Puntaik Punta bidezidorren jaialdiaren baitan. Debagoieneko Mankomunitateak asteburu horretarako egitaraua prest du jada. Ostiraletik igandera bitartean, adin-tarte guztietarako ekintzak izango dira herriko hainbat gunetan, oñatiarrentzat, debagoiendarrentzat eta euskal herritar guztientzat, antolatzaileek azpimarratu dutenez. Apirilaren 21etik 23ra Oñatira etortzeko gonbidapena luzatu da.

  Bisita gidatuak, ibilaldiak eta mendi irteerak, film proiekzioak, musika emanaldiak, ikuskizunak eta aurkezpenak izango dira. Horien artean, Debagoienari bira egiten dion GR 289 edo Hartzaren urratsa ibilbide homologatuaren aurkezpena egingo da larunbat eguerdian. Hartzaren urratsa GRak 20ren bat kilometroko luzera duten bost etapek osatzen dute. Apirilaren 22an, Oñati eta Bergara artekoa egingo da, gida batek lagunduta eta ondorengo asteburutan, Bergara-Arrasate, Arrasate-Gatzaga. Gatzaga-Araotz eta Araotz-Oñati etapak ere egin ahal izango dira. Larunbat horretan bertan, ilunkara-gauean, Txuletons eta Nogen taldeen kontzertuak izango dira plazan.

  Domekan, apirilaren 23an, eta Aloñako igoerako antolatzaileekin elkarlanean, mendi proba horri lehentasuna emango zaio. Aldi berean, bidezidorren azoka ere egingo da eta eguerdi aldera musikaz alaituko dira plaza eta inguruko kaleak. Baina aipatutakoaz gain, ostiraletik igandera, egitarau zabala egin ahal izango da. Programa osoa Puntaik Punta jaialdiaren web atarian zintzilikatu da eta izena ematea eskatzen duten ekintzetan parte hartzeko ere, bertatik egin ahal izango da.

  Gainera, bertako produktuen otar bat zozkatuko da Puntaik Puntako jardueren argazkiak Instagramen #puntaikpunta23 traola erabiliz, @turismo_debagoiena kontuaren jarraitzaile bada eta @turismo_debagoiena aipatuz partekatzen dituzten pertsonen artean.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!