Oñatiko udala

Oñatin ikasitako 88 gaztek unibertsitatera sartzeko hautaprobak izango dituzte bihartik aurrera

2023/06/06
Card image cap
Ostiral eguerdira arte luzatuko diren azterketak Eibarren egingo dituzte oñatiarrek

  Txantxiku ikastolakoek 32. epai mahaiari dagokion aretoan egingo dituzte eta Oñati institutukoek eta Elkar Hezikoek berriz, 33. epai mahaiari dagokionean. Baina guztiak, Eibarko ingeniaritza eskolan. Unibertsitatera sartzeko ebaluazio proba egitera doazen oñatiarrak, 88 dira guztira: 42 Txantxiku ikastolakoak dira, 22 Elkar Hezikoak eta 24 Oñati institutukoak. Guztiek, bihar 8:30tarako dagokien aretoan egon beharko dute Nortasun Agiriarekin eta matrikula ordain agiriarekin.

  Ikasle guztiek komunak dituzten eta derrigorrean egin beharko dituzten azterketak bost izango direla: euskara, ingelesa, gaztelera, historia eta matematika. Gainera, euskara edota ingelesa ikasgai espezifiko moduan ere baloratuko dira. Horiezaz gain, ikasgai espezifikoei dagozkien azterketak ere egin ahal izango dira nota hobetzeko. Pandemia garaian jarri zen azterketa eredua errepikatuko da aurten, azkeneko aldiz. Horrek, erantzungo diren galdera aukerak handitzen ditu, proba erraztuz.

  Oñatiko ikasleek Eibarrera joan-etorria egin dezaten bi autobus antolatu dira, bat ikastolakoentzat eta bestea, institutu eta Elkar Hezikoentzat. Izan ere, ikastolakoek Donostiara joan behar izan dute selektibitatea egitera eta aurtengo epaimahaiak azken ordura arte jakinarazi ez direnez, autobusa, euren kabuz antolatu dute. Baina Oñatiko ikasle guztiek goizetan joan eta eguerdian itzultzeko aukera izango dute. Ikastolako ikasleen autobusa ikastola aurrealdetik abiatuko da eta Institutuko eta Elkar Heziko ikasleena, postetxe aurrealdetik. Ordutegiak parekoak izango dira guztientzat, 7:15etan bihar eta 8:00etan ostegun eta ostiralean. Itzuli berriz, 13:00etan, Eibarren adostuko duten lekutik. Arratsaldetako azterketa ezpezifikoetara geratzen diren ikasleen itzulerako bidaia irakasle edo gurasoen kotxetan moldatuko da. Izan ere, ikasle denek ez dituzte proba guztiak egin behar. Komunak diren eta, ondorioz, derrigorrez egin behar diren ikasgaiak daude eta ikasgai espezifikoak. Unibertsitatera sartzeko ebaluazio azterketak ostiral eguerdian amaituko dira.

  Ekaineko deialdira aurkezten direnen gehiengo zabalak proba gainditzen du. Dena den, ekaineko lehen deialdiko azterketaldia gainditzen ez duenak, edo batxilergoko ikasgairen bat oraindik aprobatzeko duenak hurrengo aukera, uztailaren 5, 6 eta 7an izango du. Azterketen emaitzak ikasleek beraiek zuzenean ikusi ahal izango dituzte EHUren Sarbide plataformari esker.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!