Oñatin Euskaraldia dinamizatzeko pertsona bat kontratatuko du Euskaltzaleen topaguneak

2022/06/09
Card image cap
Lau hilabeterako eta jardun erdiz kontratatuko da

  Udazkenean egingo den hirugarren Euskaraldia herri mailan dinamizatzeaz arduratuko den pertsona kontratatzeko deialdia egin du Euskaltzaleen topaguneak. Irailaren 1ean lanean hasiko den dinamizatzaileari, lau hilabeterako kontratua egingo zaio, lan jardun erdiz.

  Euskara maila egokia eta Oñati ondo ezagutzen duen pertsona bilatzen da, eragiletzarako eta kudeaketrako gaitasuna duena, lanerako autonomia maila altua eta komunikaziorako tresna telematikoak ezagutzen dituena. Dinamizatzaile lana betetzeko ordutegi malgutasuna izatea eskatzen du Euskaltzaleen topaguneak eta gidabaimena eta autoa ere bai.

  Dinamizatzailearen egitekoak izango dira, besteak beste, herriko eragileei eta herritarrei Euskaraldia ekimena aurkeztu eta prestakuntza eskaintzea, ahobizi/belarriprest dinamikarako aktibatzea, Euskaraldiko batzordea ahaldundu eta indartzeko ekimenak garatzea eta tokian tokiko komunikazio plangintza bideratu eta ekimenak garatzea.

  Euskaraldiaren herri dinamizatzaile lanpostura aurkezteko curriculuma eta motibazio gutunak eskatzen dira. Hauek Lansarean webgunearen bidez presentatu daitezke edo mezua mikel@topagunea.eus helbidera bidalita. Epea, ekainaren 22an amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!