Oñatin erroldatuta dauden atzerritarrek udal hauteskundeetan bozkatu dezakete
Oñatin bizi eta erroldatuta dauden atzerriko egoiliarrek maiatzaren 28an egingo diren udal hauteskundeetan botoa eman ahal izango dute, baldin eta hartarako eskaera egiten badute. Urtarrilaren 15 edo 30ean amaitzen da eskaera egiteko epea, jaioterriaren arabera.
Europar Batasuneko herrialderen batetik edota Suitza edo Liechtensteinetik etorritako egoiliarrek aurrez botoa eman badute ez dute aparteko tramiterik egin behar, hautesle erroldan agertuko baitira, dagoeneko. Aurrez botorik eman ez badute, berriz, eskaera egin behar dute, urtarrilaren 30a baino lehen. Eskaera Espainiako gobernuaren estatistika institutuaren web atariaren bidez bete daiteke edo inprimakia deskargatu eta posta arruntez Hautesle Erroldaren Bulegora bidali daiteke.
Europar Batasunetik kanpoko zenbait herrialdeetako herritarrek ere botoa emateko eskaera egin dezakete. Hauek dira Espainiarekin hitzarmena duten herrialdeak: Bolivia, Cabo Verde, Txile, Kolonbia, Korea, Ekuador, Islandia, Norvegia, Zelanda Berria, Paraguai, Peru, Erresuma Batua edo Trinidad eta Tobago. Herrialde horietakoren batean sortu, egun Oñatin erroldatuta egon, Espainian bizitzeko baimena indarrean izan eta bertan, legez, 5 urtez bizi izan badira, botoa emateko eskaera egin dezakete. Hauteskunde Erroldaren Bulegoak baldintzak betetzen dituztenei komunikazioa bidali die, eskaera inprimakiarekin. Hori beteta posta arruntez edo bide telematikoz aurkeztu dezakete. Gutuna jaso ez duenak, udaletxean edo, telematikoki, https://sede.ine.gob.es helbidera sartuta eskatu dezake.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!