Oñatiko udala

Oñatin ere bete beharko dira jende pilaketak saihesteko neurri murritzaile berriak

2021/11/16
Card image cap
Bihar argitaratuko dira

  100.000 biztanleko 150 kasuko intzidentzia metatua duten udalerriei bideratutako neurri berriak jakinarazi ditu gaur Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Neurriak ez dira automatikoki sartuko indarrean eta horien inguruko azken erabakia udal agintarien esku uzten da. Hala, urriaren 6ko aginduan aurreikusitako prebentzio neurriak betetzen direla bermatu ezin diren jarduera guztiak bertan behera utzi edo atzeratzea eskatzen zaie udalei eta arreta berezia jarri da jan eta edaten den ekitaldietan.

  Prebentzio neurriak mantenduz egiten diren ekitaldietan, kanpoaldean zein barrualdean izan, neurri gehigarriak indartzea komeni dela dio Eusko Jaurlaritzak: kontzentrazioak aurreikusten diren tokietan jendea hartzeko espazioa handitzea, pertsonen fluxu ordenatua errazteko korridoreak irekitzea, elikagaiak eta edariak saltzeko eta kontsumitzeko guneak mugatzea eta ahal denean, jarduerak kanpoan antolatzea.

  Hasieran bestelakorik pentsatzen bazen ere, aipatu jarraibideak ez dira soilik 400 kasutik gorako intzidentzia duten udalerrietan bete beharko baizik eta 150 kasutik gorako tasa duten guztietan, tartean, baita Oñatin ere, 183ko intzidentzia metatua baitu une honetan. Herriz herriko intzidentzia datuak astean birritan, astelehen eta ostegunetan kaleratuko dira aurrerantzean.

  Kutsatuen kopurua oso arin handitzen ari dela esan du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta ondorioak ospitaletara iritsi aurretik prebentzio neurriak hartzea garrantzitsua dela gaineratu du.

  Aldi berean, Covid-19 pasaportea baimentzeko eskatuko zaio EAEko Auzitegi Nagusiari. Gaueko aisialdiko establezimenduetan, kontzertu-aretoetan edo 50 lagunetik gorako edukiera duten ostalaritza-establezimenduetan 12 urtetik gorako pertsonei osasun baimena eskatzea aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!