Oñatin Elkarrekin Ekin 2018ko egitaraua zehaztu da
Ekintzailetza sustatzeko helburuarekin Udalak Mondragon Unibertsitateko Mondragon Team Academy-rekin batera iaz hasitako elkarlanari jarraipena ematea erabaki da. 2017an ekintzaileekin egindako ekintzetan antzeman ziren beharrak abiapuntua izan dira eta 3 fasetan banatuko den programa garatzea erabaki da: kaptazio fasea, ideien garapen fasea eta ideiak martxan jartzeko fasea.
Kaptazio fasea apirila bitartean gauzatuko da. Gaur bertan lehen jardunaldia egin da eta Amaia Arroyo eta Iker Larrañaga ekintzaileek beren esperientzia azaldu dute Enpresagintza fakultatean. Martxoaren 17an berriz, Gookin proiektua gauzatuko da, gazteen artean ekintzailetza sustatzeko helburuz. Apiriletik uztailera ideien garapen fasea jorratuko da. Herriko autonomo eta enpresa txikiei zuzendutako aholkularitza eta mentorizazio zerbitzua martxan jarriko da eta ekintzaileei zuzendutako jardunaldi edo prestakuntza saio laburrekin jarraituko da. Irailetik abendura azkenik, ideiak martxan jartzeko fasea etorriko da eta aholkularitza eta mentorizazio zerbitzuarekin eta prestakuntza saioekin jarraituko da.
2018ko programa osatzeko 14.000 €ko aurrekontu muga ezarri da. Nolanahi ere, programa erabiltzaileen edo onuradunen eskaera eta beharretara moldatzen joateko aukera zabalik utzi da eta ekintzek izaten duten harrera mailaren arabera baloratuko da hurrengo faseak martxan jartzeko aukera.
Ekintzailetza sustatzeko programaren helburu nagusia ekintzaileen arteko komunitatea sortzea da, elkarren artean ikasteko, elkarri laguntzeko eta denon artean dauden eta sortzen diren ideiak, ekimenak eta negozioak aurrera eraman ahal izateko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!