Oñatiko udala

Oñatin da txokolatezko txalupa, XVI. mendeko ontziaren erreplika

2023/06/27
Card image cap
Artxibo Historikoan konpondu eta ikusgai jarriko da hainbat astez

  Gozoa elkarteko artisau gozogileek egin dute txokolatezko bale-txalupa, Albaola Faktoriako teknikoek gidatuta. XVI. mendeko ontzi baten erreplika da, 8 metro luze eta 2 zabal da, eta ekainaren 1ean Pasaiako badian uretaratu zuten. Orain bi urte Picassoren Gernika lanaren erreplikarekin egin bezala, txokolatezko bale-txalupa Oñatin ikusgai izango da. Baina aurretik, uretaratzearen ondorioz jasan dituen kalte txikiak konpondu behar dira.

  Lotura ugari egin daitezke Oñati eta txokolatezko txaluparen artean: Oñatiren txokolate-tradizio luzea edota Sancti Spiritus unibertsitatean zegoen Protokoloen artxibategian Selma Huxleyk topatu eta ikertutako dokumentu ugariak, bai balearen harrapaketaren ingurukoak zein garaiko itsasontzien inguruak. Txalupa gordetzeko leku berezia behar da baita ere, tamaina handia duelako eta hezetasun eta tenperatura jakin batean mantendu behar delako, txokolatea bigundu edo galdu ez dadin. Gipuzkoako Artxibo Historikoan baldintza horiek guztiak betetzen dira.

  Atzo ekarri zen txokolatezko txalupa Oñatira eta laster egongo da ikusgai Gipuzkoako Artxibo Historikoan bertan. Taldekako bisitak egitea aurreikusten da, eta horretarako izen-ematea egin beharko da. Bisita borobiltzeko, herrian dauden beste baliabide turistiko eta historiko batzuekin lotzeko aukera ere baloratzen ari dira. Xehetasun gehiago astean emango dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!