Oñatin bi bisita eskainiz abiatuko da asteburuan Ignaziotar lurraldea proiektuko “Ezkutuko altxorrak” egitaraua

2017/05/09
Card image cap
Maiatzetik abendura, hileko bigarren aste bukaeran bisita bereziak antolatuko dira

  Orain hiruzpalau urte sortu zen Ezkutuko altxorrak  Ignaziotar lurraldean izeneko egitasmoa. Proiektuan Debagoiena, Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeek bat egiten dute eta bailara hauetan dauden baliabide historiko, artistiko eta kulturalak ezagutzera ematea da helburua, hartarako bisita gidatuak antolatuz. Aurten, Ezkutuko altxorrak egitaraua denboran luzatuko da maiatzean hasi eta abendura arte. Baina eskaintza hile bakoitzeko tarte jakin batean beteko da, hileko bigarren asteburuan, hain zuzen ere. Zortzi hilabetetan, bigarren zapatu eta domeketan, aurrez zehaztutako bisitak egin ahal izango dira. Guztira, 35 gune bisitatuko dira, kaperak, burdinolak, baserriak, errotak eta abar. Eta 20 aukera gainera birritan programatu dira bisitariari aukera gehiago ematearren.

  Oñatin Kakao zaporea ignaziotar lurraldean eta Madalenako ermita izeneko bisitak egin ahal izango dira domekan, lehena 12:00tan eta bigarrena 18:00tan. Egun berean gainera, Legazpin San Inazio eta Mirandaola eta Zestoan, gune historikoa ezagutzeko aukerak eskainiko dira. Baina egitaraua larunbatean hasiko da Elgetako Jasokunde Amaren eliza, Zumarragako San Kristobal ermita, Azpeitiko San Sebastian eliza edota Azkoitiko Santa Krutz monastegia bisitatzeko aukera eskainiz. Oñatira bueltatuta, inguruko aberastasuna ezagutzeko, beste bi aukera izango dira: azaroaren 4an, Ignaziotar bidearen bigarren etapa egingo da Zumarragan abiatu eta Arantzazun amaituz eta abenduaren 8an Oñatiko altxor ezkutuak bisita gidatua egin ahal izango da. Programa osorik ikusteko, www.turismodebagoiena.com atarian kontsultatu daiteke.

  Ezkutuko altxorrak turismo eskaintzan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da. Hemen Debagoienean Mankomunitateko turismo departamentura deituta egin daiteke: 943.796364 telefono zenbakian, edota Oñatin diren bisitetarako turismo bulegoan ere bai.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!