Oñatiko zine aretoak "Bidaiariak zinera!" ekimenean parte hartuko du
EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak eta Zineuskadi elkarteak elkarlanean antolatutako Bidaiariak zinera! ekimena bihar hasiko da. EZAEko 59 zinema aretok egin dute bat kanpainarekin, tartean Oñatikoak. Ondorioz, ikusleek zine sarreran deskontua izango dute euskarazko, Euskal Herriko eta Europako filmak ikusterako orduan. Ikusleak zinema aretoetara erakartzea eta tokiko zein europar zinemagintzaren kontsumoa sustatzea du helburu Bidaiariak zinera! kanpainak. Aurtengoa hirugarren edizioa izango da nahiz Oñatiko zine zaleentzat lehenengoa izan. Hirutek, herriko zine aretoa kudeatzen hasi den enpresa EZAE elkarteko kide egin berri da eta ondorioz, honen sustapenak Oñatira ere iritsiko dira.
Bidaiariak zinera! egitasmoa bihar bertan jarriko da martxan eta deskontuaz ikusgai izango den lehen filma Zineuskadi elkarteak euskarara bikoiztutako Hurrak eta Lapurrak 2 izango da. Film hau Oñatin, urrirako egin den programazioan ez da jaso baina seguruenetik, hurrengo asteetan emango da. Deskontudun film gehiago ere pantailaratuko dira eta horien berri aurrez jakinaraziko da.
Aurtengo kanpaina noiz arte luzatuko den ez dute adierazi antolatzaileek. Iaz, promozioak iraun zituen bi hilabete eta erdian, 20.000 sarrera baino gehiago saldu zituzten. Arrakasta hori ikusita, eskaintza berritzea erabaki dute, hirugarren urtez.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!