Oñatiko udala

Oñatiko udalaren plaka duten mahaiak jarriko dira Urbiako fonda atarian

2018/03/28
Card image cap
Egurrezko eserlekudun lau mahai jartzea diruz laguntzea erabaki du udalak

  Urbiako fonda Partzuergoko lurretan dagoen arren, oñatiar askoren jomuga izan ohi da. Horregatik, bertako arduradunek udalera jo dute fonda kanpoaldean dituzten mahaiak aldatzeko laguntza bila.

  Hasieran jarri ziren mahai eta aulkiak edari hornitzaileek utzitakoak baziren ere,  inguruarekin erabat apurtzen zutela ikusita, egurrezko eserlekudun mahaiengatik ordezkatzen hasi ziren. Halako mahaiek duten kostuari aurre egin ahal izateko ordezkatzea gutxika egiten hasi ziren eta inguruko erakundeen laguntza eskatu zuten fondako arduradunek. Iazko udaberrian esaterako, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergoak 4 mahairen kostua bere gain hartu zuen. Laguntza horren seinale gisa, aipatu mahaitan Partzuergoaren plaka jarri zen. Orain, Oñatiko udalari antzekoa egitea eskatu zaio, fonda kanpoaldean dauden mahaien erabilera guztiz librea dela azpimarratuta, fondan hartutakoa edo norberak ekarritakoa jan-edateko, alegia.

  Eskaera udaleko Ingurumena eta Landa Garapen batzordean aztertu zen lehenik, eta honen aldeko ebazpenaz Tokiko Gobernu Batzarrean, ondoren. Mahai bakoitzaren kostua kontutan hartuta, lau mahai diruz laguntzea erabaki berri du udalak eta aurrez Partzuegoak egin bezala, plaka bana jarriko da babes ekonomiko hori azalduz. Mahai bakoitzaren kostua 435 € da, BEZa gabe, eta horri garraioak duen 100 € mahaiko kostua batu behar zaio.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!