Oñatiko Udalak Urrezko Bikain agiria jasoko du gaur arratsaldean
Mikel Biain alkateak jasoko du Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren eskutik Bikain euskararen kalitate ziurtagiria. Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagirietarako kanpo ebaluazioan 0tik 1000ra doan eskalan 800-849 arteko puntuazioa eskuratuta, Urrezko Bikain egiaztagiria lortu du Oñatiko Udalak.
Ebaluazio prozesuan aritu den taldeak hiru indargune garrantzitsu aitortu dizkio Udalari: langile guztiek duten hizkuntza gaitasun altua, euskararen erabileraren normalizazioan langileek erakusten duten prestutasun eta inplikazioa eta eguneroko jardunean hizkuntza irizpideak oso errotuta daudela, aspaldi, ekin baitzitzaion euskararen normalkuntzarako bideari.
Baina badira hobetu daitezkeen alderdiak, nagusiki, Udalak kanpotik jasotzen dituen zerbitzu eta kontratuetan. Hala, administrazio kontratazioetan euskara lehenesten duten irizpideak dauden arren, hauen betetze maila neurtzea aholkatzen da eta beharrezkoa balitz neurri zuzentzaileak inplementatzea; prestakuntza arloan ere, udal langileen formazio-saioetarako formatzaile euskaldunak bilatzea komeniko litzatekeela azpimarratzen da eta hirugarrenik, berriz, langileei euskaraz lan egitea errazteko baliabide gehiago eskura jartzea, bai baliabide informatiko nahiz hizkuntzaren beraren gaineko prestakuntzakoak: testuak eta abar.
Hile hasieran jakinarazi zitzaion Udalari talde ebaluatzailearen erabakia. Egiaztagiria bera ordea, gaur arratsaldean, 19.00tan Gasteizko Europa Jauregian egingo den ekitaldianjasoko du alkateak, Udal langile eta agintariak ordezkatuz.
Udalarena, Oñatiko erakunde ezberdinek jasotzen duten hirugarren urrezko Bikain ziurtagiria izango da, aurretik, ETEO kooperatibak eta Elkar Hezi ikastetxeak lortu baitzuten. ULMA kooperatibak berriz, zilarrezko Bikain ziurtagiria du iaztik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!