Oñatiko udalak “Lurraldekar” proiektuarekin bat egin du

2015/03/23
Card image cap
Autoa partekatzeko Gipuzkoako Aldundiak bultzatzen duen sistema berritzailea da “lurraldekar”

  Gipuzkoako Foru Aldundiak autoa partekatzeko sistema berritzailea bultzatuko du hainbat udalekin batera. Oñatiko udalak ez ezik, Donostia, Irun, Tolosa, Zarautz, Ordizia, Hernani, Bergara eta Urretxuko udalek ere bat egin dute proiektuarekin.  “Lurraldekar” deritzon proiektuaren oinarria herritarrek autoa partekatzeko tresna bat izatea da. Partekatze hori ez da bidaia batzuk elkarrekin egitea, autoa bera hainbat lagunek erabiltzea baizik. Hau da, autoa gutxi erabiltzen duen jabeak beste erabiltzaile batzuen esku utzi eta autoaren gastuak haiekin partekatzea, beti ere, bakoitzaren erabileraren arabera.

  Horrelako sistemek arrakasta izan dute Europa iparraldeko zenbait herritan eta gurean ere, babes berbera izan dezakeela uste dute Aldundiko arduradunek. Horregatik erabaki dute “Lurraldekar” proiektua Gipuzkoan abian jartzea. 
Lehenengo urrats gisa, argibideak emateko jardunaldiak egingo dira bihar eta etzi Ordizia, Donostia eta Zarautzen. Saioetan Aldundiko ordezkariekin batera Belgikako Autopia taldeko kide batek parte hartuko du, bertako esperientziaren berri emanez.

  Proiektua ezagutarazteko webgunea ere martxan jarri da:  www.lurraldekar.eus

  “Lurraldekar” egitasmoak hainbat kolektibo erakarri nahi ditu: autoa izan ez eta noizean behin erabiltzeko premia dutenak, autoa oso gutxi erabili eta ondorioz kostu handia jasan behar dutenak,  bigarren autoa erostearen aukera aztertzen ari direnak edota noiz behinka auto mota desberdin baten beharra dutenak.

  Udal mailan, “lurraldekar” egitasmo honen xehetasunak bihar egingo den ingurumen batzordean emango dira.

 

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!