Oñatiko udala Ohorezko Bazkide izendatuko du Eusko Ikaskuntzak larunbatean

2018/05/28
Card image cap
Omenaldi Batzar Nagusia Santa Ana aretoan egingo da

  Eusko Ikaskuntza sortu zeneko mendeurrena eta diktaduraren ondoren berrantolatu zeneko 40. urteurrena ospatzen ari da. Erakundearen sorrera eta ondorengo berpiztea Oñatin gauzatu zirenez,  ospakizuneko Batzar Nagusia ere Oñatin izango da larunbatean, Santa Ana antzokian. Gainera, Oñatiko udala Ohorezko Bazkide izendatzeko ekitaldia izango da.
Festa giroan egin asmo da Batzar Nagusi hori eta Eusko Ikaskuntzako bazkideentzako ospakizun eta topaketa eguna izatea nahi da.

  Oñatz dantza taldeak ongietorria egingo die Eusko Ikaskuntzako bazkideei 10:30tan plazan. Dantzariek lagunduta Santa Ana antzokira joango dira eta Batzar Nagusia bertan hasiko da 11:00tan. Iñaki Dorronsoro lehendakaria eta Mendeurreneko ekitaldien antolaketa batzordeko lehendakari Xabier Alkortak hitz egin ondoren, Oñatiko Udalak, Mikel Biain alkatea ordezkari dela, Eusko Ikaskuntzaren Ohorezko Bazkide titulua jasoko du. Jarraian, Eusko Ikaskuntzako kide beteranoenei omenaldia egingo zaie. 1978an Eusko Ikaskuntza berrantolatzeko lanean aritu zirenei eskerrak emateko omenaldi xume baina kutuna izango da. Bukatzeko, etapa desberdinetan eta egoera historiko aldakorretan Eusko Ikaskuntza zuzentzeko ardura hartu zutenak omenduko dira: Julian Elorza, Jose Miguel Barandiaran, Gregorio Monreal, Juan Jose Goiriena de Gandarias, Javier Retegui eta Joxe Mari Muñoa. Ohorezko aurreskuarekin amaituko da batzarra.

  1918ko irailean Oñatin sortu zen Eusko Ikaskuntza erakundea. Baina 1936ko altxamendu eta ondorengo diktadura garaian debekatuta egon zen, 1978an berriro antolatu eta lanari ekin ziolarik. Berrantolaketarako batzarra ere Oñatiko unibertsitatean egin zen 1978ko irailaren 17an. Oñati erreferentziazko lekua da Eusko Ikaskuntzaren historian eta herriak beti eskaini dion babesa eta harrera eskertzeko Oñatiko udala Ohorezko Bazkide izendatuko dute larunbatean.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!