Oñatiko udal ordezkaritza izango da bihar Bergaran, 1976ko "Alkateen mugimendua" omentzeko ekitaldian

2021/07/20
Card image cap
Luis Arkauz, garaiko zinegotzia, omenduko dute

  Izaro Elorzak eta Ainhoa Galdosek Oñatiko egungo udalbatza ordezkatuko dute Bergaran bihar egingo den hautetsien topaketan. 70. hamarkada erdialdean, Euskal Herriaren eskubide politikoak aldarrikatzeko osatu zen Alkateen mugimendua gogora ekarriko da, hain zuzen ere, alkate haiek Bergaran elkartu zireneko 45. urteurrenean. 1976ko uztailaren 21ean 100 urte lehenago indargabetu ziren euskal foruen aldeko manifestua onartu eta sinatu zen Bergaran. Hego Euskal Herriak bat egin zuen Bergarako ekitaldi hartan, 68 herritako ehunka ordezkari elkartu baitziren. Sinatzaileetako batzuk, garaiko udalbatzetako ordezkariak ziren, beste batzuk, herri elkarteetako ordezkariak.

  Foruak berreskuratzeko eskaera ez ezik, amnistia, udal hauteskunde demokratikoak, ikurriñaren legeztatzea, euskararen aitortza eta, orokorrean, Euskal Herriaren eskubide politikoak aldarrikatu zituen Alkateen mugimendua deitu zitzaion hark. Franco hilabete batzuk lehenago hil zen eta Espainia estatu demokratiko bat bihur zedin dena egiteko zegoen. Horretan aktiboki eragin zuen Alkateen mugimenduak, 1978an lehen udal hauteskundeak egin ziren arte.

  Euskal Herriko Alkateen mugimendua ofizial bihurtu zuen adierazpena Bergaran sinatu zenetik 45 urte beteko dira bihar. Hori gogoratzeko ekitaldia egingo da 12:00etan Bergarako San Martin Agirre plazan. 1976an elkartu ziren herri ordezkariak omenduko dira, tartean, Luis Arkauz, garai hartan zinegotzi zena eta mugimenduan aktiboki parte hartu zuena, herriko beste hainbat hautetsirekin batera. Ekitaldian, Izaro Elorza eta Ainhoa Galdosek parte hartuko dute, alegaia, egun Oñatiko udalbatza osatzen duten bi taldeetako bozeramaleek.

  Ez da lehen aldia Bergaran 1976ko batzar esanguratsu hura gogoratzen dela, orain 15 urte ere, 2006an, antzerako topaketa eta omenaldi ekitaldia egin zen, “Alcaldes en lucha” liburuaren aurkezpenaren harira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!