Oñatiko Plan Orokorreko Diagnostiko fasea amaitu da

2019/06/10
Card image cap
Emaitzak kale erakusketa baten bidez aurkeztuko dira eta Aurrerapen faseari ekingo zaio lan-tailerra eginda

  Udala Plan Orokorra idazteko prozesuan murgilduta dago iaztik. Lana,  SABAI enpresaren laguntzarekin egiten ari da eta une honetan Plan Orokorraren idazketa prozesuko lehen fasea jada amaitu dela esan daiteke;  Diagnostiko fasea amaitu da eta Aurrerapen fasea edo gazteleraz, Fase de avance deritzonari ekiteko puntuan dago.

  Idazketa taldeak egin duen Diagnostiko fasearen emaitza eta herritarrekin landutako Emozioen mapa ariketaren emaitza kale erakusketa baten bidez azalduko da. Erakusketa hau Kale Barriako pergolan, Txokolateixa aldamenean egingo da asteazkenean eta ostegunean, goiz eta arratsaldez: 10:30-13:30 eta 16:30-20:00. Erakusketa ahalik eta hobekien ulertu ahal izateko, gidatua izango da, hau da, Planaren idazketa taldeko arkitekto arduraduna eta parte hartze prozesua gidatzen duten dinamizatzaileak bertan izango dira hurbiltzen direnei azalpenak ematen. Hirigintzako gaiak ez dira egunerako kontuak herritarrentzat, eta horregatik hiztegi sinplea erabilita eta modu erakargarrian azaltzen saiatuko dira. Kale erakusketa herritar guztientzat dago irekita egongo da baina ostegun arratsaldean gonbidapen berezia egingo zaie Udal Plangintzako Aholku Kontseiluko kideei bertaratu daitezen.

  Herriko hainbat elkartetako ordezkariek eta banakakoek osatzen dute Udal Plangintzako Aholku Kontseilu hau eta taldearen izenak ondo adierazten duenez, plan orokorraren inguruan udalari aholkuak emateaz arduratzen da. Beraz, garrantzitsua da taldeak Diagnostiko fasearen emaitzak ezagutzea hurrengo faseari ekiteko. Hurrengo fase hori Aurrerapen fasea da eta datorren astean abiatuko da lan-tailer baten bidez. Hilaren 18an, Kultur etxean egingo den lan-tailerrera aipatu Udal Plangintzako Aholku Kontseilua ez ezik, interesa duten gainontzeko herritarrak gonbidatzen dira.

  Aurrerapen fasea erabakigarria da Plan Orokorraren idazketa prozesuan. Fase honetan lurralde ereduaren gaineko aukera ezberdinak jartzen dira mahai gainean eztabaidatzeko eta nondik nora jo erabakitzen da. Ondorengo faseetan jada, Aurrerapenean hobetsitako aukera nagusia xehetasun handiagoz landu eta zehazten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!