Oñatiko pentsionistek bat egin dute Donostian larunbatean egingo den manifestazioarekin

2022/01/11
Card image cap
Autobusa antolatu da

  Lau urte betetzen dira Euskal Herriko pentsionistek asteroko elkarretaratzeei ekin zietela. Urteurren hori gogoan, eta bereziki 2018az geroztik errepikatzen ari diren aldarrikapenak, orokorrean, bere horretan mantentzen direlako, Donostian egingo den Gipuzkoa mailako manifestazioan parte hartzeko gonbidapena luzatu zitzaien Oñatiko pentsionistei atzoko elkarretaratzean. Bide batez, autobusa antolatu dela eta izena emateko aukera ere eman zitzaien. Baina izen-ematea ostegunera arte luzatu da eta interesa duenak Olakua edo Arrano tabernetan bete dezake.

  Hego Euskal Herriko lau hiriburutan egingo dira larunbatean manifestazioak. Donostiakoa Alderdi Ederretik 12.00tan irtengo da eta, ondorioz, bertara joateko autobusa goizeko 10:00tan abiatuko da Oñatitik. Lan-erreforma berriarekin eros-ahalmena eta pentsioak gehiago murriztuko direla eta pandemiaren seigarren olatuak osasun zerbitzu publikoa kolapsatu duela salatuko da, besteak beste, larunbateko manifestazioetan.

  Hiriburuetako kaleak betetzeko deia egin zaie pentsiodunei baina baita langileei, sindikatuei, gizarte-eragileei eta gazteriari ere, prekarietatea eta miseriazko soldatak denok sufritzen ditugula adierazita. Zentzu horretan, nork bere lekutik, denok bat egitera deitu ditu Euskal Herriko pentsionisten mugimenduak. Gipuzkoan hamar pentsiodunek itxialdia hasi zuten atzo Donostiako Egia auzoko lokal batean, pentsio duinak aldarrikatu eta murrizketak salatzeko. Larunbatean amaituko dute itxialdia, manifestazioarekin bat eginez.

  Oñatiko pentsionistek asteroko elkarretaratzeei 2018an ekin zioten. Oñatin ez ezik, Donostian, Gasteizen edota Madrilen egin diren mobilizazioetan ere parte hartu izan dute. Eta pandemiak hainbat etenaldi eragin bazituen ere, egun, astelehenero plazan eta hileko azken ostiralean Olakuan elkartzen jarraitzen dute. Atzo berrekin zieten elkarretaratzeei, Gabonetako etenaldiaren ondoren.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!