Oñatiko mugikortasuna hobetzeko proposamen ugari eta anitzak jaso dira Ingurumen Astean
Irailaren 16tik 22ra burutu zen Mugikortasun Iraunkorraren Astean herritarren ideia eta ekarpen ugari jaso zituzten udal arduradunek. Horixe izan zen gainera asteko ekintza nagusietako bat: herriko mugikortasuna hobetzeko proposamenak egitea. Mugikortasun iraunkorra erabiltzen duten herritarrak eredutzat hartzea, eskolen inguruan bizikletentzako aparkalekuak jartzea, bizikletentzako aparkaleku bereziak eskuratzea, Mugi txartelaren erabilera zabaltzea, garraio publikoa hobetzea, semaforo adimentsuen erabilera… dira proposamenetako batzuk. Guztiak kontuan hartuko direla adierazi dute kanpainaren arduradunek. Ekarpenak egin zituzten herritar guztien artean bizikleta tolestagarri bat zozkatu zen. Irabazlea, Unai Murgiondo izan zen.
Irailaren 19an, larunbatean berriz, adin ezberdinetako herritarrei zuzenduriko jarduerak egin ziren: Usakora bizikleta martxa egin zen, halako aukerak dituen abantailak azpimarratuz, eta arratsaldean, mugikortasun iraunkorraren ezaugarriak mural batean islatu zituzten bildutako haurrek. Egun osoan zehar, gainera, mugikortasun iraunkorraren alde egitearen garrantziaz ohartarazteko informazio gunea izan zen Foruen enparantzan. Ekintzetan parte hartu zuten herritarrek ingurumenarekiko errespetua eta Lurra zaintzearen garrantzia berretsi zuten eta bizikletan eroso eta seguruago ibiltzeko puzgailu, bidoi, argi, giltzarrapo edo txirrinak jaso zituzten opari.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!