Oñatiko udala

Oñatiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko enpleguari eta jarduerari eusteko ez ohiko dirulaguntzak aho batez onartu ziren atzoko Osoko Bilkuran

2020/05/29
Card image cap
342.000 euroko diru poltsa gorde da

  Covid-19ak eragindako egoeraren aurrean Oñatiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko enpleguari eta jarduerari eusteko ez ohiko dirulaguntzen oinarriak eta deialdia egitea onartu zen atzoko Osoko Bilkuran. Iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren uztailaren 30a arteko epea izango da dirulaguntza hauek eskatzeko.

  Udalaren dirulaguntza asteetan itxita eta jarduerarik gabe egon diren hirugarren sektoreko autonomoek eta 10 langile baino gutxiago dituzten mikroenpresen arduradunek eskatu ahal izango dute, baldin eta egoitza fiskala eta lantokia Oñatin badago, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan Oñatin alta emanda badago eta Oñatiko udalarekiko, Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharrak egunean badauzka. Gainera, alarma egoera amaitutakoan lan jarduerari berriro ekitea, edo horri eustea, eta hurrengo sei hilabeteetan gutxienez alta egoeran egotea eskatuko zaie dirulaguntza eskuratzen dutenei.

  Dirulaguntza hauen helburua enpresen funtzionamendu gastu finkoei aurre egitea da. Hala, establezimendua itxita egon den hilabete bakoitzeko 300 euroko dirulaguntza finkoa emango da. Gainera, langile kopuruaren araberako dirulaguntza ere emango da, langile bakoitzeko eta hileko, 60 eta 35 euro artekoa izango delarik. Azkenik, ohiko gastuak, argindar, ura eta hondakinen bilketa gastuak arindu ahal izateko dirulaguntzak ere emango dira. Baina establezimendu bakoitzak hartuko duen diru kopurura mugatu da eta gehienera 2000 euro jaso ahal izango dira.

  Oñatiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko enpleguari eta jarduerari eusteko ez ohiko dirulaguntzak aho batez onartu ziren atzoko bilkuran. Ainhoa Galdos bozeramale jeltzaleak elkarlanean aritu izana azpimarratu zuen eta herritarrei ere horixe eskatu zien, herriko dendek, ostalaritza lokalek eta zerbitzuek aurrera egin dezaten elkarlana, hau da, Oñatin kontsumitzea.

  Herriko zerbitzuen sektorea sustatzeko dirulaguntza hauetara 342.000 euro bideratuko ditu Udalak. Eskaerak, uztailaren 30a bitartean egin beharko dira.
 
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!