Oñatiko merkataritza biziberritzeko plan berezia eguneratzeko prozedura martxan da.

2013/03/25
Arloan diharduten lau enpresei eskatu zaizkie PERCO deritzon dokumentua gaurkotzeko lana egiteko proposamenak.

  Izan ere, lanak, publizitate gabeko prozedura negoziatuaren bidea erabiliz esleituko baitira. Hala, udalak, Siadeco, LKS, IKEI eta IKERTALDE enpresak gonbidatu ditu prozesuan parte hartzera. Etzi amaitzen da proposamenak presentatzeko epea.

  IKEI enpresak egin zuen hain zuzen ere, orain 7 urte, aurreko PERCO dokumentua, Oñatiko merkataritza biziberritzeko plan berezia. Baina 7 urteetan egoera sakonki aldatu da. Gainera, Eusko Jaurlaritzak sei-zazpi urteren buruan halako lanak eguneratzea aholkatzen duela kontutan hartuta, udalak, 2005eko Oñatiko merkataritza biziberritzeko plan berezia eguneratzea erabaki du.

  Kontratatuko den enpresak, hasierako diagnostikoa egin beharko du. Horretarako udalerriko eta eskualdeko identifikazio parametroak aztertu beharko ditu, aurreko PERCOa egin zenetik hona udalerriko eta eskualdeko merkataritza nola garatu den ikusiz eta udal hornidurako sistemak begiratuz,  tartean, salgaien zamalanei buruzko ordenantzen gaineko alderdiak aztertuz. Behin betiko diagnostikoa eginda, berriz, ondorengo urteetarako jardun proposamenak egin beharko ditu, ekintzak ez ezik, helburuak eta epeak zehaztuz. 

  Oñatiko merkataritza biziberritzeko plan berezia eguneratzeko lana, lau hilabeteko epean egin beharko da eta beti ere, uztailerako amaitu beharko da. Hori da behintzat udal gobernu taldeak finkatu duen data. Diru kopuruari dagokionez, berriz, 30.000 euroko partida berezitu da. Baina enpresek, hortik beherako proposamena aurkeztu dezaketela gogoan, lanak esleitzerakoan, eskaintza ekonomikoa kontutan hartuko da. Puntuazioaren %20a, proposatutako prezioaren arabera banatuko da. Baina pisurik handiena, aurkeztutako txosten teknikoak izango du, beste %80a, hain zuzen ere. Atal honetan, enpresek, proposatutako lan eskema garatu beharko dute eta aurre-ikusitako programa zehaztu beharko dute, faseak eta lanak barra-diagrama batean jaso eta hau epeak zehaztuz. Lanean jardungo duten teknikarien titulazioa, enpresaren ekarpena eta eskarmentua ere kontutan hartuko dira.

  Prozesuan parte hartzera gonbidatu diren enpresek etzira arteko epea dute proposamenak udal bulegoetan aurkezteko. Lanak, Aste Santuko jai egunen bueltan esleituko dira apirila amaitzerako hasi daitezen.  

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!