Oñatiko udala

Oñatiko Margo Taldeko kideen lanak jarri dira hainbat dendetako erakusleihotan

2022/01/25
Card image cap
Erakusleihotan jarri diren hainbat margolan
Margolanen erakusketa hau otsaila amaierara arte luzatuko da

  Oñatiko Margo Taldeak irailean egin ohi du margo erakusketa Kultur Etxean, ageriko pintura lehiaketara aurkezten diren lanekin batera. Baina osasun egoeraren eraginez azken bi urteetan ez da halakorik egin. Hutsune hori bete asmoz, margolanen erakusketa berezia antolatu dute, hainbat dendari eta Udalaren laguntzaz. Izan ere, margolanak herriko hainbat dendetako erakusleihotan jarri dira, erakusketa gunea, erdi guneko kaleetara zabalduz.

  Erdiguneko 14 bat dendetan tamaina ezberdineko 24-25 margolan ikus daitezke atzotik. Erakusketa otsailaren 28ra arte mantenduko da. Hainbat dendetako eskaparateetan ikusgai jarri diren margolanak pintura ikastaroan diharduten ikasle helduek margotutakoak dira. Denak oleo lanak dira eta motibo ezberdinak irudikatzen dituzte: Oñatiko txokoak, marinak, baso eta mendi irudiak, loreak, bodegoiak eta abar. Margolari hauen lanak Bidebarrieta kalean udalak duen eskulanen lokaleko erakusleihoan ikus daitezke ikasturtean zehar, baina datozen bost asteetan herriko beste erakusleiho batzuetan ere ikusiko ditugu.

  Kultura departamentuak antolatzen dituen pintura ikastaroetan aldaketa garrantzitsua gauzatu da aurten, irakasle aldaketa. Luis Laskurain bergararra urtetan aritu zen ikastaro hauek ematen baina erretiroa hartuta, lekukoa, Gurutze Mujikari pasa dio. Pintura ikasleek beraz, beste teknika eta trikimailu batzuk ikasteko aukera dute. Ikastaro lokalean ikasitakoa kalera ateratzea erabaki dute margo taldeko kideek eta herriko hainbat dendetako erakusleihotan ikusi ahal izango dugu otsaila amaierara arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!