Oñatiko langabezian ez da aldaketa nabarmenik izan urtarrilean

2020/02/04
Card image cap
Iazko urtarrilarekin alderatuta 18 langabe gutxiago daude une honetan, 326

  2019a 327 langabetuekin amaitu genuen Oñatin eta bat gutxiago zenbatuta itxi da urtarrila. Alde horretatik beraz, ez da aldaketa nabaririk izan. Kopuruak zehatzago errebisatuz gero ordea, badago zer azpimarraturik, adibidez, langabezian dauden emakumeen kopuruak gora egin duela;  abendutik urtarrilera lanik gabe dauden 6 emakume gehiago zenbatu dira Oñatin, konkretuki, 45 urtetik gorako emakumeak izan dira. Adin tarte horretako gizonezkoen taldean berriz, nabarmen egin du behera langabeziak azken hilean, 10 gutxiago erregistratu dira Lanbideko bulegoetan.

  Iazko urtarrileko datuekin alderatuta deigarria da orain gizon gehiago daudela lana topatu ezinda, iaz baino 13 gehiago. Lana topatu ezinean dauden emakumeak berriz, dezentez gutxiago dira, 31, hain zuzen ere. Eta gizon eta emakumeak kontuan hartuta, iaz baino 18 langabe gutxiago daude une honetan herrian. Beste era batera esanda, 326 langabe dago Oñatin. Ondorioz, langabezia tasa % 5,99 da une honetan.

  Azken hilabetean ez da apenas aldaketarik izan herrian langabeziari dagokionean, Hego Euskal Herri mailan ordea bai. 4.100 langabe gehiago eta 13.500 afiliatu gutxiago izan dira urtarrilean. Datu txar horiek Gabonetako kanpainaren amaierari lotu dakizkioke, zenbaki negatiboak zerbitzuen sektorean eman baitira. Langabe kopurua lurralde guztietan handitu da, baina bereziki Bizkaian, 2.202 langabe gehiago zenbatu baitira. Orain urtebeteko kopuruekin alderatuta, Hego Euskal Herrian, 2019an baino 2.808 langabe gutxiago daude erregistratuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!