Oñatiko inauteria formatu berriarekin plazaratu asmo da 2022an

2021/12/14
Card image cap
Izen-emateko sare sozialen bidez zabaldu den galdetegiari erantzun behar zaio

  Otsailaren 26an ospatuko da inauteri zapatua, alegia, Oñatiko inauteriaren eguna. Ospakizuna eta aurreko entseguen formatua egokitzea erabaki du antolakuntza taldeak, egungo osasun egoera kontutan hartuta. Inauteri konpartsa goizez irtengo da soilik, elkarrekin bazkaltzeko hitzordua saihestuz, eta entseguak ere burbuila taldetan egiten saiatuko dira. Horretarako, galdetegi bat betetzea eskatzen zaie parte hartu nahi duten guztiei. Galdetegia, sare sozialen bidez zabaltzen ari dira. Laster kaleratuko den inauteri-kartelean txertatuko den QR kodearen bitartez ere izango da izena emateko aukerarik.

  Bete beharreko galdetegi horretan parte hartu nahi dutenen izen-abizenak, posta elektronikoa eta telefonoa eskatzen dira. Parte hartzen duten lehen aldia den edo dantzak badakizkiten eta dantza bikoterik baduten ere galdetzen da. Entseguei dagokienean, zein egunetan egin nahi dituzten eta aldatzeko aukerarik izango luketen argitzea eskatzen da. Urtarrilaren 6a izango da izena emateko azken eguna, entseguak urtarrilaren 11n hasi asmo direlako.

  Entseguak, astearte ilunkaratan, 20:00tan, eta larunbat eguerditan, 12:00tan, izango dira, orain arte bezala. Baina partaideek asteko entsegu bakarrera joan beharko dute eta burbuila taldeak mantentzen saiatuko dira.

  Aurten ez da Oñatiko inauteririk ospatzerik izan baina 2022an kaleratzeko ahalegina egitea erabaki du antolakuntza taldeak eta parte hartzeko izen-ematea zabaldu du jada.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!