Oñatiko ikasle guztiek gainditu dute selektibitatea

2022/06/17
Card image cap
Notak, orokorrean, onak izan direla adierazi digute herriko ikastetxeetan

  Atzo eguerdian jakin zuten unibertsitatera sartzeko azterketara aurkeztu ziren 83 oñatiarrek froga gainditu zutela eta ariketa bakoitzean lortu zuten emaitza konkretua. Baina urduritasun orduak izan zituzten goizean, sistema blokeatuta geratu zelako, eta lehen orduan ikusi ez zutenek eguerdiko 13:00-13:30ak arte ezin izan zutelako sartu, baina azkenean, gaindituta, guztiak pozik.

  Aipagarria da aurten ikasleek ikastetxeek baino lehen jaso dituztela emaitzak, ikastetxe moduan sartzeko biderik ez baita izan. Ikastetxeak ziren gainera, ikasleen USE txartelak eskuratu eta banatzen zituztenak eta hori ere ez da hala izango aurrerantzean. Ikasleek beraiek sartu beharko dute unibertsitatearen web orrian, bakoitzak duen kodea erabiliz, eta norberak deskargatu beharko du emaitzen orria. Hori, dena den, asteartetik aurrera egin beharko dute ikasleek, ordura arte erreklamazioetarako eta azterketen berrikuspenerako epea zabalik baitago.

  Baina berrikuspenik eskatzen ez duenak badaki zein nota duen eta horren arabera ikusi beharko du ikasi nahi duen gradurako nahikoa ote den ala zer beste ikasketa egin dezaken. Erabakitzeko trantzea dator orain, eta zenbaitek Euskal Herritik kanpora ikasteko espediente aldaketa eskatzeko tramitea ere bete beharko dute. Beti izaten da hala, nahiz eta unibertsitatera sartzeko hautaprobetan Oñatiko ikasleek emaitza onak lortu dituztela adierazi diguten herriko ikastetxeetan, eta alde horretatik pozik agertu dira.

  Orokorrean, Euskal Autonomia Erkidegoan, ikasleen ia % 98ak gainditu du selektibitatea, iazko bataz bestekoaren azpitik puntu erdi, baina Oñatin, %100ak gainditu du, iaz bezala. Oñatiko 83 ikasle dira lehen deialdira aurkeztu eta gainditu dutenak. Baina beti geratzen da bakarren bat bigarren deialdirako, kurtsoa gerora gainditu duelako. Selektibitatearen bigarren deialdia uztailaren 6tik 8ra izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!