Oñatiko Hiri Antolaketako Arauen aldaketa puntualaren hasierako onespena jendaurrean jarri da, hilabeteko epean
Hasiera bateko izaeraz onartutako aldaketa puntual horren arabera, erauzketa jarduera lizentziak eteten dira babes bereziko nekazaritza eta abelazkuntzarako eremuan eta nekazaritza eta abelazkuntza erreserbarako zonan. Aldaketak ez dio egungo Gomiztegiko harrobiari eragiten baina bai, balizko handitze bati.
Auzia aspalditik dator, Aridos Aloña enpresak harrobia handitzeko eskaera egin zuenetik. 2018ko martxoaren 22ko Osoko Bilkuranan jada Hiri Antolaketarako Arauen hiru artikulu aldatzea erabaki zen, Gomiztegiko harrobiaren handitzea onartutako eremuetara mugatzeko, hainbat herritarren eskaerari erantzunez. Baina erabaki horren kontrako Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen harrobiaren ustiatzaileak, eta errekurtsoa onartu egin zuen EAEko Auzitegi Nagusiak ingurumen-ebaluazio estrategikoari dagokion ingurumen-txostena egin gabe zegoela adieraziz.
Udalak aipatu txostena eginda, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren oniritzia jaso zuen eta Hiri Antolaketarako Arauen aldaketa puntuala egiteko prozesua berriro martxan jarri zuen, irailean. Gaia herritarrei azaltzeko aurkezpen saio bat egin zen zine aretoan eta Udal plangintzako Aholku Kontseiluak ere aztertu zuen, gaia Osoko Bilkurara eraman aurretik. Udalbatzak iraileko bileran aldaketa puntuala hasieran onartzea erabaki zen, aho batez. Akordioa gaur argitaratu da Gipuzkoako aldizkari ofizialean eta ondorioz, Hiri Antolaketarako Arauen aldaketa puntualaren hasierako onespena jendaurrean jarri da, hilabeteko epean, eta baimen eta lizentzia guztiak etenda geratu dira.
Gomiztegiko harrobia ustiatzen duen Aridos Aloña SL enpresak harrobiaren gaur egungo azalera bikoiztu nahi du, Kortakogain aldera 300 metro lineal luzatuz. Horrek, 40.000m2-koa azalera berria erantsiko lioke egungo harrobiari. Udalak gauzatu nahi duen arau aldaketarekin, harrobiaren ustiapen baimena egun onartuta duen eremura mugatuko litzateke.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!