Hainbat oñatiarrek parte hartuko dute pentsiodunen barau-itxialdian

2023/03/10
Card image cap
Astelehenean hasiko den ekimenaren amaierako manifestaziora joateko autobusa antolatu da Debagoienean

  Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak barau-itxialdia egingo du datorren astean Bilbon, Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzeko pentsioak 1.080 eurora arte osatu ditzatela. Txandakako barau-itxialdia izango da eta Gipuzkoako 80ren bat pentsionistek parte hartzeko izena eman dute jada, tartean, hiru oñatiarrek. Oñatiko pentsiodunak astelehenean joango dira Bilbora, barau-itxialdiari hasiera emateko. Batzuk egun bat, beste batzuk bi, bakoitzaren araberakoa izango da barau-itxialdian zenbat egun egin. Pensionisten mugimenduak Bilbon duen egoitzan egunero 30en bat lagun biltzea aurreikusten da. Horrezaz gain, mahai inguruak egingo dituzte arratsaldero, 18:00etan, eta elkarretaratzeak Plaza Eliptikoan, 11:30etan.

  Martxoaren 13tik 18ra luzatuko da pentsionisten ekintza berri hau, 1.080 euroko pentsioak lehenbailehen ziurtatu daitezen eskatzeko. Espainiako gobernuak gutxieneko pentsioak maila horretara jaso bitartean, beharrezko osagarriak ordaindu ditzatela eskatzen zaie Eusko Jaurlairtzari eta Nafarroako Gobernuari.

  Bost urte baino gehiago dira pentsionistak kalera irten eta asteroko elkarretaratzeak egiten hasi zirela, eta orduan bezala orain ere, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak eskatzen eta 700 euroko pentsiora iristen ez diren emakume askoren egoera salatzen jarraitzen dute. Aldarrikapen horien aldeko manifestazio bateratua egingo da larunbat eguerdian Bilbon eta bertara joan-etorria egiteko autobusa antolatu da eskualde mailan.

  Zapatuko manifestaziorako autobusean lekua hartzeko izena eman behar da, Pake Lekun edo Olakua eta Arrano tabernetan. Autobusa eskualde mailan antolatu da eta Oñatin gutxieneko talde bat badagoela ziurtatuz gero herrira sartuko da. Bestela, oñatiarrak Elorregiko geltokira hurbildu beharko dira. Baina kasu horretan ere, kotxetan eta taldeka egingo da San Prudentziorako bidea. Argibideak astelehenean, 12:00tan, plazan egingo den asteroko elkarretaratzean emango dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!