Oñatiko gazte bat atxilotu dute arma bat eta munizioarekin
Ertzaintzak zabaldu duen informazioaren arabera Oñatin atxilotutakoak ez du hilketa saioarekin loturarik, baina bai, ekintza hartan ustez tiro egin zuen pertsonarekin eta hark erabili zuen armarekin, oñatiarrari, Arrasaten erabilitako armaren antzekoa atzeman zaiolako. Armaz gain, eraldatutako munizioa ere aurkitu zioten Oñatin atxilotutako gazteari. Arrasateko tiroketan ere halako materiala erabili zen nahiz legez debekatuta dagoen.
Arrasaten pasa den apirilean ustez pertsona bat hiltzen saiatu zen gizonezkoaren atxiloketa asteazkenean gauzatu zen, eta operazio berean, Oñatiko 20 urteko gazte bat eta Otxandioko 25 urteko beste bat ere atxilotu zituzten. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, bi gizonezko hauek Arrasaten atxilotutakoarekin eta armak legez kanpo edukitzearekin harremana dute baina ez dute loturarik hilketa saioarekin.
Bergarako Instrukzioko 4. epaitegiak zuzendu zuen ikerketa eta operazioa, eta beharrezko diligentziak beteta, oñatiarra libre geratu zen. Arrasaten ustez pertsona bat hiltzen saiatu zen gizonezkoa berriz, Aita Menni zentroko psikiatria legaleko unitatean behin behineko espetxealdian sartzea agindu zuen epaileak. Izan ere, apirilean tirokatu zuen pertsonarekin ez baitzuen inolako loturarik, eta ausaz aukeratu baitzuen erasotzaileak, segur aski buruko gaixotasunen batek bultzatuta, beti ere, Ertzaintzaren ikerketaren arabera.
Pasa den apirilaren 12an, 40 urteko gizonezko batek su-arma baten tiroa jaso zuen Arrasateko Kurtxetxiki plazan hiru seme-alabekin zegoela. Jaurtigaia bizkarretik sartu zitzaion eta bihotzaren ondoan geratu zitzaion, eta premiazko ebakuntza egin behar izan zioten Donostia Ospitalean. Ertzaintzako Polizia Zientifikoko espezialistek lekuan bertan egindako azterketaren ondorioz, 9 mm-ko kalibreko zorro bat aurkitu zuten, eta horri esker jakin ahal izan zuten arma detonatzaile eraldatu batekin egin zutela tiro, eta eraldatutako munizioa erabili zutela. Ikerketek, hiru lagunen atxiloketa eragin zuten asteazkenean nahiz eta horren berri atzo eman zen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!