Oñatiko Gazte Asanbladak Mondragon Unibertsitateko Ostalaritza Eskola izan zen Antixenako eraikina okupatu du.

2012/09/06
Udalak, Mondragon Unibertsitateak eta gazte okupatzaileak datorren astean bilera egitekotan dira.

  Okupazioa atzo goizean gauzatu zen. Gazteak Antixena Jauregi ondoko eraikinera sartu aurretik, zituzten asmoen berri eman zieten udaleko eta Mondragon Unibertsitateko arduradunei. Goizean zehar, udal ordezkariak bertan izan ziren eta gazteekin bilera egitea eskatu zuten. Mondragon Unibertsitatetik ere antzerako eskaera jaso zuten eta datorren astean hiru aldeak biltzea da gazteen asmoa.

  Hori guztia, atzo arratsaldean, okupatutako eraikinaren aurrealdean eta 100nen bat gazteen babesarekin eman zen prentsaurrekoaren amaieran argitu zuten. Agerraldian, elkar ezagutza eta hausnarketa prozesuaren ondoren hartutako bidea sendotzeko gune aske baten beharra zutela argitu zuten.

  Ostalaritza eskola izan zen eraikina herritar guztiei irekita dagoela adierazi zuten eta hutsik dauden paretei bizia emateko, gazte sentitzen diren oñatiar oro bihar arratsaldeko 5etan egingo den lehen asanbladara gonbidatu zituzten. Deialdia zabaltzeko herrian kartelak jarri dituzte. Auzotarrekin ere egon dira eta hauekin bilera egiteko asmoa dute bihar bertan, arratsaldeko 7retan.

  Okupazioari babesa emanez Antixenako parkean hainbat kanping denda muntatu dira eta gazteak, eraikinean ez ezik, kanpinetan ere lo egingo dutela adierazi zuten. Egunez, asanblada iraunkorrean izango direla gaineratu zuten.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!