Oñatiko Ganbara abesbatzak Arezzoko nazioarteko lehiaketan parte hartuko du abuztu bukaeran
Abuztuaren 28 eta 29an izango da Arezzoko 63. Nazioarteko Polifonia Lehiaketa. Ganbara abesbatzak lau modalitatetan parte hartuko du: talde mistoetan, errenazimendua, garaikidea eta folklore arloetan. Mundu osoko beste zazpi abesbatzekin lehiatuko dira. Aipagarria da, ez ohikoa den aldetik, Oñatikoa ez dela Italian arituko den Euskal Herriko talde bakarra izango, Errenteriako Landabaso abesbatzak ere parte hartuko baitu aurtengo Arezzoko lehiaketan.
Bi urte pasa dira Oñatiko Ganbara abesbatza nazioartean lehiatu zen aurreko alditik. 2013ko uztailean Austriako Spittalen aritu ziren eta folklore eta polifonia modalitateetan hirugarren postua lortu zuten. Iaz, taldearen 20. urteurrena ospatu eta gero, Europara salto egiteko prestatu dira berriro. Eta ez nolanahiko lehiaketan parte hartzeko, Arezzokoa, Europako Sari Nagusia osatzen duten sei lehiaketetako bat baita, Tolosa edo oñatiarrek ere ezagutzen duten Mariborrekoarekin batera.
Gogo handiz prestatzen ari dira Italiako zita, jakinik, lehiaketa oso exigentea dela eta lau modalitateetan parte hartuz, programa zabala gertatu behar dela. Modalitate bakoitzean, bospasei lan abestu beharko baitituzte. Baina animatuta daude.Arezzon eskainiko duten errepertorioaren zati bat pasa den ostiralean, Bidaurretako monastegi aurrealdean eskainitako kontzertuan jada kantatu zuten eta datorren ostiral honetan beste horrenbeste egingo dute Bergarako Zabalotegi aretoan. Oñatikoa doan izan zen baina Bergarakoan, 5 €ko sarrera kobratuko da, batzen den dirua, Italiako bidaiaren gastuak ordaintzeko izango da. Uztailaren 26an berriz, herrian antzeko kontzertua egingo dute, seguruenik, Santa Ana aretoan izango da.
Italiako joan etorria, oso azkarra izango da. Oñatiko Ganbara abesbatzako 33 lagunek bidaiatuko dute. Abuztuaren 26ko arratsaldean irtengo dira eta gauez bidaiatuta, 27an iritsiko dira Arezzora. Deskantso apur bat hartuta entsaioa egingo dute.Lehiaketa abuztuaren 28 eta 29an jokatuko da eta hurrengo egunean bertan, gosaldu ostean, berriro Oñatira itzuliko dira. Joan etorri azkarra baina ilusioz betea, taldeko kideek adierazi digutenez.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!